Zabaltegi – Tabakalerak, Zinemaldiko sail irekienak, 19 lan hartuko ditu bere lehiaketan; besteak beste, Maddi Barber eta Izibene Oñederra zinemagileek aurkeztuko dituztenak. Guztira, hamahiru film luze, film ertain bat, lau film labur (horietako bat animaziokoa) eta sail bat bilduko ditu sailak, lau estreinaldi eta aurrez Berlin, Cannes eta Locarnoko lehiaketetan aurkeztutako beste hainbat.

Lau ekoizpenek munduko estreinaldia izango dute sailean. Ficción privada-n, Andrés di Tellak (Buenos Aires, 1958) familiako oroitzapenak aztertuko ditu bere gurasoek duela hainbat urte elkarri idatzitako gutunen bidez. Zinemagilea Donostiara itzuliko da Zabaltegin 327 cuadernos (2015) erakutsi eta gero. Justin Websterrek (Aldershot, Erresuma Batua, 1963), Muerte en León (2016) eta El fin de ETA (Zinemira, 2016) lanen egileak, Nisman kasuaren ikerketari buruzko sail bat estreinatuko du: El fiscal, la presidenta y el espía.

592 metroz goiti (2018) film laburrarekin Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu ondoren, Maddi Barber (Lakabe, Nafarroa, 1988) berriz itzuliko da sailera Urpean lurra film ertainarekin, non berriz ere arretaz begiratuko dion Itoizko presari. Laugarren mundu-estreinaldia Izibene Oñederraren (Azkoitia, 1979) Lursaguak izango da, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak film laburren katalogoan dagoen lan bat. Azkenik, Anthony Marcianok (Frantzia, 1979) nazioartean estreinatuko du hirugarren film luzea, Play, bideo-kamera baten bidez belaunaldi oso baten erretratua egingo duen gazte bati buruzkoa.

Angela Schanelecek (Aalen, Alemania, 1962) Ich war zuhause, aber / I Was At Home, But aurkeztuko du, hamar egunez arrastorik utzi gabe desagertuko den seme baten amari buruzko istorio bat. Zuzendaria ohiko parte-hartzailea da Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdietan, eta film horri esker zuzendaritza onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen Berlingo azken zinema-jaialdian. Bertako Sail Ofizialean parte hartu zuen, halaber, Alemaniako lehiaketan ezaguna den Denis Côté zinemagile eskarmentudunak (New Bruswick, Kanada, 1973): Répertoire des villes disparues (Ghost Town Anthology) filmean, gertakari bitxi batzuk bizi dituen Quebeceko herrixka batera hurbilduko da kanadarra.

Jean-Gabriel Périotek (Bellac, Frantzia, 1974) New Directors sailean parte hartu zuen Lumières d’été (2016) filmarekin, eta Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, Une jeunesse allemande (2015) eta Song for the Jungle (2018) lanekin. Azken sail horretara ekarriko du Nos défaites / Our Defeats, berrinterpretazio-jolas batez baliatuta politikarekin ditugun harremanak irudikatzen dituen film bat. Berlinale Forum sailean parte hartu zuen, halaber, Callisto McNulty (Paris, 1990) zuzendari hasiberriak, Donostiara ekarriko duen Delphine et Carole, insoumuses filmarekin. Lan horretan, 70eko hamarkadako feminismoaren bihotzerako bidaia proposatzen du, Delphine Seyrig aktorearen eta Carole Roussopoulos bideo-artista aurrez aurre jarririk.

Orobat, Berlinale Shorts sailean egondako hiru film labur programatuko dira ere. Lehenik, sail horretan Urrezko Hartzaren irabazle suertatu zen Manuel Abramovichen (Buenos Aires, 1987) Blue Boy, Alemaniako hiriburuan lan egiten duten zazpi sexu-langileen gaineko erretratua. BigarrenikMartín Rejtmanek (Buenos Aires, 1961) Shakti film laburra aurkeztuko du, amonaren heriotzaren egunean neska-lagunarengandik banantzea erabakiko duen mutil bati buruzkoa. Nest Film Students saileko epaimahaiko presidentea izango da, gainera. Berlinale Shorts sailean izandako hirugarren eta azken filma Leyenda dorada da. Kimuak ekimenean hautatutakoa, Ion de Sosak (Urnieta, 1981) eta Chema García Ibarrak (Elx, 1980) zuzendu dute.

Bestalde, Atlantique / Atlantics Mati Diopen (Paris, 1982) lehen lana erakutsiko du Zinemaldiak. Dakarreko langile batzuk etorkizun hobe baten bila itsasoratzen direnean hasiko da filma. Hari esker, Cannesko Sail Ofizialean Epaimahaiaren Sari Nagusia eraman zuen zuzendari frantses-senegaldarrak. Zinema-jaialdi hartan lehiatu zen Diao Yinan ere, Bai ri yan huo (Black Coal, 2014) filmarekin Berlingo Urrezko Hartza irabazi ondoren. Zuzendutako azken lanean, erredentzio bila ari den gangster bat eta berriz aske izateko ahaleginetan ari den prostituta bat bildu ditu Nan Fang Che Zhan de ju hui / The Wild Goose Lake izenburuko filmean.

Zabaltegi Tabakalera sailera itzuliko da Bertrand Bonello (Niza, 1968), Zombi Child-ekin. Filmaren abiaburua 1962. urtea da, baina 55 urteren ondoren jarraituko du, Frantziako hiriburuan. Bestalde, Takashi Miikek (Yao, Osaka prefektura, Japonia, 1960) Hatsukoi filmarekin parte hartuko du. Zuzendariak boxeolari bat, prostituta bat, polizia ustel bat eta yakuza bat elkartu ditu bere filmografian ezagunak diren beste pertsonaia batzuen artean. Bonellok bezala, Miikek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen film hori.

Damien Manivelek (Brest, Frantzia, 1981) Veneziako Orizzonti sailean eta Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuen La nuit ou j’ai nagé (2017) filmarekin. Aurten, Les enfants d’Isadora / Isadora’s Children izeneko lanarekin itzuliko da sailera, hari esker Locarnoko zinema-jaialdian zuzendari onenaren saria irabazi berritan. Filmean, lau emakumek berriz topo egingo dute Isadora Duncanek 1913an bere bi haurrak hil ondoren sortu zuen bakarkako dantzarekin. Locarnon programatu da, halaber, L’île aux oisaux /Bird Island, Maya Kosa (Geneva, Suitza, 1985) eta Sergio da Costa (Lausana, 1984) zinemagileen lankidetza berria, non gazte batek berriz ezagutuko duen mundua txorientzako errehabilitazio-zentro batean.

Anna Sofie Hartmannek (Nakskov, 1984) New Directors sailera ekarri zuen bere lehen lana, Limbo (2014), eta oraingoan Giraffe filmarekin itzuliko da. Alemania eta Danimarka elkartzeko tunel baten ondorioz betiko aldatuko den eremu bateko langileen eta biztanleen ikuspuntuak aztertuko ditu haren bidez. Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zen, lehiaketaz kanpo.

Zinemaldiak izendatutako epaimahai batek aukeratuko du Zabaltegi-Zabakalera sariaren irabazlea. Orotara 20.000 euro banatuko dituzte: 6.000 filmaren zuzendariari, eta gainerako 14.000 euroak, filmaren Espainiako banatzaileari.