Gaur bertan aditzera eman dituzten sei filmekin, osatuta geratu da 67. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko diren lanen zerrenda. Hamazazpi izango dira orotara, Gavron, Gyal, Szumowska, Waddington, Winocour eta Wintersen lan berrienak batuta. Horiez gain, François Girarden The Song of Names (jaialdiari itxiera emango dion lana), Daniel Sanchez Arevaloren Diecisiete (emenaldi berezia) eta Sebastian Boronszteinen La odisea de los giles (emenaldi berezia) lehiaketaz kanpo aurkeztuko dituzte.

Sarah Gavronen (Erresuma Batua, 1970) lehenengo lana, Brick Lane, Zuzendari Berriak saileko aukeran sartu zen 2007an. Theresa Ikoko eta Claire Wilson gidoilariek idatzi dute RocksIkokoren istorio batean oinarrituta, eta nerabe baten istorioa kontatuko du; neba txikiarekin bakarrik bizi da, agintariek horren berri izanez gero bananduko ote dituzten beldur.

Sonthar Gyal (Tibet, 1974) Locarnon lehiatu zen bere lehenengo filmarekin (Dbus lam gyi nyi ma / The Sun Beaten Path, Cineasti del Presente, 2011) eta Berlinen, berriz, bigarrenarekin (Gtsangbo / River, Generation KPlus, 2015). Iaz Ala Changso egin zuen, eta Shangain Epaimahaiaren Sari Berezia eta gidoi onenaren saria eskuratu zituen. Lhamo and skalbe film berriko protagonista iraganeko kontuak direla-eta ezkondu ezin den bikote bat izango da.

Malgorzata Szumowskaren (Krakovia, 1973) 33 sceny z zycla (2008) filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Locarnon, eta Zinemaldiko Eastern Promises atzera begirakoan parte hartu zuen. 2015ean, Cialo (2015) zuzendu, eta Berlinen Zilarrezko Hartza eta Europako Zinema Sarietan Publikoaren saria irabazi zituen. Iaz, berriz, Berlingo Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen Twarz / Mug (2018) filmari esker. The Other Lamb filmean erlijio alternatibo baten jarraitzaile sutsua den nerabea izango da ardatza.

Portugalen dramagile eta antzezle gisa ibilbide luze eta arrakastatsua egin ondoren (besteak beste, Tiago Guedes eta Ivo Ferreira zinemagileekin lanean), Gonçalo Waddington (Lisboa, 1977) estreinakoz aritu da formatu luzean zuzendari. Patrick filmean haurra zela bahitutako nerabe baten istorioa kontatuko du.

Alice Winocourek (Paris, 1976) Cannesen aurkeztu zituen bere lehen bi filmak: lehena, Augustine, Kritikaren Astean (2012), eta bigarrena, Maryland / Disorder, Un Certain Regard sailean. Gainera, Mustang filmari esker jatorrizko gidoi onenaren Cesar saria irabazi zuen. Proxima filmean, ostera, Matt Dillon eta Eva Green zuzendu ditu; hain zuzen, zazpi urteko alabarekin bakarrik bizi den astronautaren papera antzeztu du Greenek.

Paxton Wintersek Crude (2003) filmarekin egin zuen debuta, eta Seattlen eta Los Angelesen saritu zuten. Pacified filmak nerabe baten eta espetxetik atera berri den trafikatzaile baten arteko adiskidetasuna kontatuko digu, Brasilgo Joko Olinpikoetan favelen gainean ezarritako polizia-kontrolen testuinguruan.