Zuzendaria: Quentin Tarantino

Urtea: 2019

Herrialdea: AEB

Quentin Tarantinoren bederatzigarren filma estreinatu berri da, ​Once Upon a Time in… Hollywood​, eta gehiegizko espektatibak sortu dizkigute ikusleoi. Antza denez, zuzendari ospetsuaren azken-aurreko filma izango da, aspaldi amestu zuen zinemaren inguruko istorioa: 60ko hamarkadako Hollywooden oinarrituta dago, Charles Mansonek burututako hilketa odoltsuek gizartea astindu zuten garaian, hain zuzen; eta antzezleak Leonardo DiCaprio, Brad Pitt, Margot Robbie eta Al Pacino dira. Osagai guztiak ditu arrakasta handiko estreinaldia izateko, baina kultuzko filma bilakatzea lortuko ote du?

Rick Dalton western filmetako izarraren papera antzezten du Leonardo DiCapriok. Hollywooden eraldaketarekin batera western generoaren gainbehera etorriko denean, bere burua berrasmatu beharko du. Zeregin horretan Brad Pittek lagunduko dio, haren ordezkoa eszena arriskutsuetan eta lagun mina. DiCaprio filmazio amaigabeetan lanean dabilen bitartean, Brad Pitt hippie talde batekin gurutzatuko da, eta sektaren giro ustela ezagutuko du gertu-gertutik.

Aldi berean, Sharon Tate (Margot Robbie) Los Angeleresa iritsiko da Polanskiren eskutik bere ametsak betetzeko prest. Guztiok daukagu gogoan nola bukatu zen etorkizun handiko aktore haren ibilbidea, eta thrillerra gertakizun horretan zentratuko dela badirudi ere, Tarantinok beste bide batetik bideratuko du. Benetako gertaeretan oinarritu gabe, bere irudimena aske utziko du pasarte tragiko hau kontatzeko, baita garai hartako zinema-industriaren erretratua egiteko ere.

Tarantinok egitura kaotikodun filmetara ohitu bagaitu ere, hiru pertsonaia horiei ikusgarritasun bera eman nahian, film konplexuegia egin du: western sekuentzia luzeak, garrantziarik gabeko elkarrizketak eta flashback-ak trama nagusiarekin nahasten dira. Hala, ikusleak haria jarraitu ahal izateko errotuluak eta kontalariaren ahotsa erabili beharko ditu behin eta berriro. Gainera, Tarantinoren filmografian hain bereizgarriak diren indarkeria eta tentsioa inoiz baino neurtuagoak izan dira.

Aldiz, filmaren soinu banda eta argazkia apartak dira. Irudi bakoitzean -Hollywoodeko neoizko argietan, 35mm-ko filmen irudietan zein Universaleko dekoratuetan, besteak beste- Tarantinok zinemarekiko duen miresmena argi eta garbi agertzen da, eta garai hartako abesti ezagunak gozagarriak suertatuko dira (soinu bandako 31 abestiak playlist ugariren iturri izan dira dagoeneko). Eta azkenik, Brad Pitten antzezlanari erabat goraipagarria deritzot, batez ere, hippie-talde lazgarriari aurre egiten dion bi uneetan. Hauexek dira filmaren une gorenenak.

Once Upon a Time in… Hollywood aurtengo Cannesko Sail Ofizialean aurkeztu zuten, eta zenbaiten arabera publikoak txaloka zazpi minutu pasa bazituen ere, beste askok emanaldi amaieran giro hotza nabarmena zela diote. Horrelakoa baita Tarantinoren azken filma, polemikoa. Adi egongo gara Oscar sarietarako proposatzen ote duten jakiteko.