2002az geroztik talentu berriak nazioartera zabaltzeko plataforma da Donostia Zinemaldiak eta Cinelatino – Rencontres de Toulouse zinema jaialdien elkarlanetik sortutako ekimena, eta aurtengo 36. edizioan Brasildik, Kolonbiatik, Mexikotik, Panamatik eta Uruguaitik heldutako sei ekoizpen aurkeztuko dituzte bertan. Irailaren 23tik 25era egingo dute.

Latinoamerikako zinema sustatzeko eta sortzaile berriei zinemaren industriarako jauzia errazteko helburuz sortu zen Zinema Eraikitzen jarduera orain hamazazpi urte. Bi jaialdiren artean, eta honenbestez, urtean bitan, antolatzen dute ekimena: Cinelatino, Rencontres de Toulouse jaialdia martxoan egin ohi dute, eta Donostia Zinemaldia irailean. Gaur egun, Latinoamerikako ikus-entzunezko sektorearen erreferentziazko bilgune bihurtu da, eta bertatik igarotako ekoizpenek errekonozimentua lortu dute nazioarteko jaialdi esanguratsuenetan, hala nola, Venezian eta Sundancen.

Bada, 2019ko 36. edizioan sei proiektuk hartuko dute parte, deialdira aurkeztutako 185 proposamenen artean aukeratuak:

  • Joan Gomezen El árbol rojo (Kolonbia, Panama eta Frantzia)
  • Agustin Bancheroren Las vacaciones de Hilda (Uruguai eta Brasil)
  • Madiano Marchetiren Madalena (Brasil)
  • Ángeles Cruzen Nudo Mixteco (Mexiko)
  • Mauricio Osakiren Os caminhos do meu pai (Brasil eta Polonia)
  • Fernanda Valadezen Sin señas particulares (Mexiko)

Seirak Zinema Eraikitzen Industria Saria jasotzeko lehian ariko dira, filmaren postprodukzioa, ingelesezko azpidatziak eta Espainiar estatuko banaketa eskuratuko baititu irabazleak.

Ekimenaren arrakasta

Aipagarria da, era berean, aurreko edizioetako Zinema Eraikitzen jardueran parte hartu duten proiektuen ibilbide oparoa aztertzea. Hain zuzen, aurrez bertan aurkeztutako lau film lehiatuko dira aurten Donostia Zinemaldiko bi sail garrantzitsutan:

  • Jorge Riquelmeren Algunas bestias filma Zuzendari Berriak sailean ariko da.
  • Sebastián Muñozen El Príncipe, Armando Capóren Agosto eta Lucía Garibaldiren Los Tiburones Horizontes Latinos sailean lehiatuko dira.