Gaur hasi da Andoainen Maluta* films ekoizpen etxearen Rikardo Arregi, iraultzailearen presak fikziozko film laburraren errodajea. Igandera arte luzatuko dira filmatze lanak, Andoainen eta Usurbilen.

Ainara Mendiolaren zuzendaritza eta Amara Mosteiro argazki zuzendariaren lanarekin, 60ko hamarkadako gertaera historiko batean oinarritutako fikzio laburra izango da. Euskal artean Gaur taldea eta kulturgintzan Ez Dok Amairu mugimendu berritzaileak sortu berriak ziren garaian, Rikardo Arregi gazte ezezagunak euskal gizarte osoa modernizatu beharra aldarrikatu zuen tradizionalismoaren ikur ziren agintari eta eragile askoren aurrean, Usurbilen, Udarregi bertsolariaren omenezko ekitaldi batean, 1966an. Euskal Herriak etorkizunik izango bazuen, gizartea modernizatu eta euskaldundu behar zela, euskarak batua eta munduko hizkuntza nagusien mailakoa izan behar zuela, komunikabide eta kultur adierazpide guztiak egunero euskaraz behar zirela eta euskal “estaturik” gabe salbazioa ezinezkoa zela ohartarazi zuen.

Bera hil zenetik 50 urtera, esandakoaren mamiak gaurkotasuna izaten jarraitzen du. Hitzaldiaren audioa grabatua izan zen, eta hitz gogoangarri horietatik abiatuta eraiki du kontakizuna Maluta Films ekoiztetxe donostiarrak: “Gai horien inguruko gogoeta bultzatu nahi dugu, Rikardo Arregiren pentsamendua azaleratu eta horretara nola iritsi zen irudikatuz”.

Bada, asteburura arte luzatuko dituzte errodaje lanak. Andoainen -Arregiren jaioterri eta bizilekuan- lehenengo eta, ondoren, Usurbilen -ekitaldi gogoangarriaren plazan- arituko dira lanean igandera bitartean.