Datorren urriaren 28an, 29an eta 30ean ospatuko da Zinemaren Festaren 17. edizioa. 2,90€ko prezioan eskuratu ahalko dituzte sarrerak ekimenaren webgunearen bitartez akreditatzen diren ikusleek.

FEDICINE Zinema Banatzaileen Elkarteak, FECE Zinema Aretoen Espainiako Federazioak eta ICAA Espainiako Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak urtean bitan antolatzen duten Zinemaren Festaren aurtengo bigarren edizioa izango da, udazken aldera prestatu ohi dutena. Aurrekoetan bezala, zinemara joateko ohitura sustatzea da xede nagusia, zinemarekin dugun harreman kultural zein soziala indartzea, eta, aldi berean, industriaren esker ona adieraztea urtero aretoak betetzen dituzten milaka zinemazaleei.

Ohiko modura, ekimenaren webgune ofizialaren bitartez eskuratu ahal izango dira prezio murrizketa ahalbidetuko duten akreditazioak. Gogoan izan, halaber, 60 urtetik gorakoek zein 14 urtetik beherakoek modu automatikoan gozatu ahalko dutela eskaintzaz, inolako aurre kudeaketarik egin behar gabe.