Blackbird filmaren Europako estreinaldiak emango dio hasiera 67. Donostia Zinemaldiaren lehiaketako Sail Ofizialari. Silent Heart (2014) dramaren remakea da eta Susan Sarandon, Kate Winslet eta Mia Wasikowska dira protagonistak.

Susan Sarandon, Kate Winslet, Mia Wasikowska eta Sam Neill dira Roger Michellek zuzendutako filmaren protagonistak. AEBren eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio hori Stille Hjerte / Silent Heart (2014) dramaren remake bat da. Hain zuzen, film harekin Zinemaldian lehiatu zen Bille August daniarra, eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Paprika Steen antzezleak.

Irailaren 20an zabalduko da Urrezko Maskorra lortzeko lehia, Blackbird filmaren emanaldiarekin. Bertsio berriaren gidoia ere Christian Torpe-k idatzi du; hau da, Stille Hjerte / Silent Heart filmaren jatorrizko eskuizkribuaren egileak. Susan Sarandon (Donostia saria, 1995) izango du protagonista nagusia, sufrimenduari amaiera eman nahi dion gaixo terminal baten hezurretan. Hasiera batean, duintasunez hiltzeko erabakiaren alde agertuko da haren familia, baina alabek (Winslet eta Wasikowska) egoera are gehiago zailduko duten familia-sekretu batzuk aurkituko dituzte.

Roger Michellek (Pretoria, Hegoafrika, 1956), Erresuma Batuan kokatutako zuzendariak,  My Night with Reg (1997) eta  Titanic Town (1998) filmekin eman zituen lehen urratsak zinemagintzan, baina Notting Hill (1999) izan zen haren lehenengo arrakasta: 360 milioi dolar baino gehiago bildu zituen Julia Roberts eta Hugh Grant aktoreek protagonizatutako komedia erromantikoa. Ondoren, entzutetsuak izan diren beste lan batzuk zuzendu ditu: Changing Lanes (2002), Samuel L. Jackson eta Ben Affleck aktoreekin;  Le Week-End (2013), Donostiako Sail Ofizialean lehiatu eta Jim Broadbent-i gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratzeko aukera eman zion filma….

67. Donostia Zinemaldiari hasiera emateko galan proiektatuko da Blackbird, datorren irailaren 20an. Salgai daude jada emanaldirako sarrerak: zinemaldiaren webgunean, 70 euroko prezioan.