Ia bi hilabeteko oporraldia tarteko, aurkeztu  dute abuztuan eta irailean Donostiako Kresala Zineklubak programatuko dituen filmen zerrenda. Ohi bezala, saiook gonbidatu baten bisita jasoko dute, eta solasaldia egingo dute emanaldi bakoitzaren ostean.

Udako azken hamabostaldia hastearekin batera egingo dute lehen hitzordua, abuztuaren  19an. Sara Hernandez Askasibar ZINEAko kritikati berria izango da gonbidatu berezia, eta Familia Sumergida (2018) filma aurkeztuko du. Iragan ekainean hasi zuen Hernandez Askasibarrek bere ibilbidea kritikari bezala, V. Kritika Lehilaketan gailendu ostean, eta Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzailea da ere.

Aurkeztuko duen Familia Sumergida filmari dagokionez, Maria Alchek gidatutako proiektu argentinarra da. Marcela izango du protagonista, eta haren ahizparen heriotzaren doluak gidatuko du kontakizuna. Izan ere, dolua pasatzeaz gain, ahizparen etxearen zatiketari aurre egin beharko dio ere. Ezustean, ordea, alabaren lagun gazte bat azalduko da, laguntzeko prest, eta harekin batera bidaiak eta abenturak iritsiko dira.

Astebete beranduago, abuztuaren 26an, helduko da bigarrena. Da xiang xi di er zuo / An elephant sitting still (Hu Bo, 2018). Eskola-istripu batek zorigaiztoko lau patu elkartuko ditu: lagun bat babesteko, Buk eskaileretatik behera bultzatuko du Shuai, institutuko harroputza; Buren ikaskide Lingek amarengandik eta errutinatik ihes egin nahi du, irakasleak hura seduzitu eta gero; Shuairen anaia nagusia, Cheng, bere lagun minaren suizidioaren erantzule sentituko da; eta azkenik, Wang erretirodun gogotsuak ez du bere semeak egoitza batean barneratzerik nahi. Badirudi Manzhouli hirira ihes egitea dela protagonisten aukera bakarra: diotenez, besterik gabe munduari jaramonik egiten ez dion elefante bat dago han eserita. Trena abian jarri aurretik, 24 ordu soilik izango dituzte euren bizitzak konpontzeko… Filmaren luzeera dela eta, hiru ordu luze, ez dute emanaldi osteko solasaldirik egingo.

Michel Ocelot frantsesaren Dilili à Paris (2018) filmak emango dio ongi etorria hilabete berriari, irailaren 2an. Dililik, Kaledonia Berriko neskatoak, bere lagun banatzailearen laguntza du Parisen, Belle Époque garaian, gertatzen ari diren neska gazteen bahiketa misteriotsuak argitzeko. Bere ikerketa-lanetan topatuko dituen pertsonen argibideak izango ditu lagun. B-EGIA – Gizarte eta Ingurunearen Garapenerako Zinemagintza Elkarteko kideak izango dira eguneko gonbidatu bereziak.

Hilaren 9an egingo dute udako azkena, Boku Wa Iesu-Sama Ga Kirai / Jesus (2018) film japoniarrarekin. Yura mutil gaztearen familiak Tokio utziko du landazabal elurtsura amonarekin bizitzera joateko, eta eskola berrian moldatzen ikasi beharko du honek. Hasieran harrituta geratuko da bera eta bere ikaskideak otoi egitera deitzen dituztenean, baina pixkanaka-pixkanaka ingurune berrira egokituko da. Egun batean, otoi egiten ari dela, aurrean Jesus txikitxo bat agertzen zaiola ikusiko du. Yurak Jesusi eskatzen dion nahi bakoitza egia bihurtuko da, eta Jainkoaren boterean sinesten hasiko da. El Contraplano aldizkariko Sandra Rozas izango da emanaldi osteko solasaldiarten gidaria.