Donostiako Dokumentalen Lau Haizetara Foroak bere hurrengo ediziorako hautatutako proiektuak aurkeztu ditu. Donostia Zinemaldiaren baitan ospatuko da ekimenaren  15.edizioa, irailaren 24tik 26ra bitartean.

Dokumental bat aurkeztu nahi duten, eta harentzako Europako koprodukzioaren bila dabiltzan produktore independenteei dago zuzenduta Lau Haizetara Foroaren deialdia. Elkargunea izango da, sektorean diharduten profesionalentzako topagunea. Proiektu dokumentalak finantzaile izan daitezkeneei eta zinematografiaren sektoreko adituei ezagutzera emateko plaza, hain zuzen ere.

Besteak beste sormen-potentziala, unibertsalitatea eta koprodukziorako posibilitateak onarritzat hartuta, jasotako proiektu guztien artean 15ek parte hartuko dute pitching saioetan 2019ko irailaren 26an. Hori baino lehen, tailerretan parte hartzeko eta mundu osoko ekoizleekin banakako bilerak egiteko aukera izango dute ere. Lantegi horietan, hain zuzen, pitching aurkezpenak nola egin ikasiko dute parte hartzaileek, bi egun geroago izango duten aurkezpenera prest iristeko. Bertan, euren proiektua ezagutaraziko diete industriako profesional eta produktoreei, eta haiek gustuko badituzte, beren babesa emango diete.

Commissioning Editors aditu taldeak berak egin ditu epaimahai-lanak, eta haren esku egongo da ere proiektu irabazlearen aukeraketa. Euskal Herria, Frantzia, Espainia, Kolonbia, Argentina eta Alemaniakoak dira hautatutako proiektuak, eta jatorria bezain orotarikoa da ere jorratzen duten gaitegia: transhumantzia, bizitzari buruzko gogoetak, amets amaitugabeak, arazo sozialak, turismo masifikatua, nortasun-galera, espioitza, kiroleko balioak eta bizitzako sakrifizioa.

Ondorengoak dira:

  • AMORES TRASHUMANTES. Iban Ayesta Aldanondo
  • BROMO: EL AGENTE GERNIKA. Gerard Escuer
  • ARIANE, THE IMPOSSIBLE BET-A SPACE ODYSSEY. François-Xavier Vives
  • CHAMPETA EN MANO. Andres Tudela
  • CUIDADORAS. Martina Matzkin – Gabriela Uassouf
  • EL PESO. Tamara Lucarini
  • EL RIO DE LA VIDA. Diego Urruchi
  • MAGALUF GHOST TOWN. Miguel Angel Blanca
  • OCHO CUENTOS SOBRE LA HIPOACUSIA. Charo Mato
  • ROBIN BANK. Anna Giralt Gris
  • SAMUEL AND THE LIGHT. Vinicius Girnys
  • SHOOTING FOR MIRZA. Juan Gautier
  • THE GOUROUGOU TRIAL. Santi Palacios eta Simon Casal
  • UN YACIMIENTO DE FUTBOLISTAS. Laurent Dufrêche
  • UP WONDER AWAYS. Matthias Lawetzky

IBAIA saria irabazteko aukera izango dute aukeratutako tituluek, proiektu irabazlearen ekoizleak 3.000 euroan balioetsitako saria jasoko duelarik. Horrez gain,  Lau Haizetara Foroa FIPADOC Jaialdiarekin, DocsBarcelona Jaialdiarekin eta NOKA Programarekin dituen lankidetza-akordioen ondorioz, beren artean osagarri diren eta genero dokumentalean espezializatutako bi merkatu desberdinetan egoteko aukera izango dute hainbat lanek: Ariane, The Impossible Bet-A Space Odyssey, Samuel and The Light eta El Peso izan dira aukeratuak.

Publiko gisa bertaratzeko

Era berean, irailaren 25era arte egongo da zabalik publiko gisa bertaratzeko inskripzioa. Hala, proiektuen edota marko berean izango diren jarduera paraleloen aurkezpenean egoteko aukera izango du gaiean interesa duen edonork, Europako errealitate zinematografiko zein kulturalari hurbiltzeko modu bat.