Hamalau film labur lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren Nest Film Students sailean. Antolatzaileek jakinarazi dute urtebetean % 22 hazi direla izen-emateak.

Nest Film Students lehiaketaren XVIII. edizioak hamalau film labur aukeratu ditu 46 herrialdetako 186 eskolek aurkeztutako 373 lanen artean. Donostia Zinemaldiaren 67. edizioaren esparruan egingo da zinema-ikasleen nazioarteko topaketa, eta herrialde hauetako film laburrak hautatu dituzte: Alemania, Argentina, Belgika, Txile, AEB, Espainia, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Errusia. Zifra horiek aditzera ematen dutenez, urtebetean %34 hazi da eskola parte-hartzaileen kopurua, eta %22, aldiz, jasotako film laburrena.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatzen dute topaketa, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazi nahian. Bost egunez, irailaren 23tik (astelehena) 27ra (ostirala), beren film laburrak erakutsiko dituzte gazteek, eta eskola magistralak jasoko dituzte Donostiara filmak aurkeztera datozen zinemagintzako profesional handien eskutik. Ikusleek, ikasleek eta profesionalek Tabakalerako zinema-aretoan ikusi eta iruzkinduko dituzte hautatutako film laburrak.

Aurten ere, mundu osoko zinemagileen kezka garaikideak aztertuko dituzte Zinemaldiko sail gazteenean lehiatzeko haitatu dituzten film laburrek, identitateari, maitasunari, lanari, etorkizunari, desirari, indarkeriari eta zalantza existentzialei buruzko istorioak jorratuz. Guztien gainetik, ordea, familia da gehien errepikatzen den joera: familiaren presentziak, gabeziak, familia-eredu berriek, halako harremanen etorkizunak eta halako loturen intimitateak osatzen dituzte filme gehienen egiturak.

Halaber, lehenengo aldiz, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztutako lan bat hautatu dutela jakinarazi dute arduradunek. Izan ere, Zinemaldia, Tabakalera eta Euskadiko Filmategia partaide dituen erakunde horretatik dator La enorme presencia de los muertos film laburra. José María Avilések (Cuenca, Ekuador, 1988) sortu du, zinema-ikasketak osatzeko Donostiako eskolan Sorkuntzako graduondoa egiten ari den ikasle batek.

Bada, ondorengoak dira ikasleek aurkeztuko dituzten proiektuak:

  • Adults. Zhenya Kryukova (Errusia)
  • Benèze / At Ease. Vinícius Girnys (Frantzia)
  • Chiyo. Chiemi Shimada (Erresuma Batua – Japonia)
  • Drifting. Hanxiong Bo (Txina – AEB)
  • Em caso de fogo / In Case of Fire. Tomás Paula Marques (Portugal)
  • Fiebre austral / Austral Fever. Thomas Woodroffe Silva (Txile)
  • Freischwimmer / Learn to Swim. Gaya von Schwarze (Alemania)
  • Greata (Nàusea). Gerard Gil, Jana Juberts (Espainia)
  • Hra / Playing. Lun Sevnik (Txekiar Errepublika)
  • I Was Still There When You Left Me. Marie Mc Court (Belgika)
  • La enorme presencia de los muertos / The Presence of the Dead. José María Avilés (Ekuador)
  • Maternité / Maternity. Nataliya Ilchuk (Frantzia)
  • Morgen / Tomorrow. Bo Vloors (Belgika)
  • Una sombra oscilante. Celeste Rojas Mugica (Argentina)