Elkarte zein eragile desberdinekin elkarlana jorratzearen garrantziaren onuraz jabetuta, harremanak sendotzea xedea izango duen Euskal Herri mailako zinekluben topaketa antolatu du Donostiako Kresala Zineklubak, irailaren 14an. Egun osoko egitaraua atondu dute.

“Kresala Zineklubean hausnarketa prozesu batean murgildu gara 2019an. Prozesu horren ondorioetako bat izan da beste elkarte eta zineklubekin elkarlanean aritzearen garrantziaz jabetzea”. Hain zuzen,  horiek sendotzeko, prestatu dute Euskal Herri mailako lehen zineklub topaketa.

Aurkeztu dute jada egun osorako atondu duten egitaraua, talde gonbidatuak goizeko lehen ordutik iluntzeraino elkarteen egoera, bilakaera eta aukeren inguruan hausnartzera eramango dituena. Hala, egun bizi duten egoeraz eta etorkizunerako dituzten erronken inguruko ideiak partekatzen hasiko dute eguna, Bilboko Fas, Azkoitiko Matadeixe Zinetogram, Iruñeako Lehen Saioa eta Donostiako Kresala taldeen parte hartzearekin.

Ondoren, Julio Lamanak, Nazioarteko Zinekluben Federazioko idazkari nagusiak, Zinema elkarteen arteko lankidetza eta berauren onurak aztertuko ditu. Bazkarirako tartea izango da, goizean bizitakoaren inguruko iritziak jasotzeko une aproposa. Bazkal ondore, halaber, Estatu mailako banatzaile desberdinen aurkezpen bat egingo dute, haien lanaren azalpena egiteaz harago, beren proiektu eta produktuak aurkezteko. Azken ondorio eta iritziak partekatu ostean, zineforum emanaldi batek itxiko du egitaraua.

Xede nagusia zineklub eta elkarte desberdinen arteko harreman sarea sustatzea bada ere, antolatzaileek jakinarazi dute ekitaldi irekia izango dela, eta interesa duen edonori luzatu diote bertaratzeko gonbitea. Zabaldu dute jada izen ematea, ondorengo formularioaren bitartez.