Jayro Bustamante zinemagilearen Temblores (2019) filmak jasoko du zazpigarren Sebastiane Latino saria. Parte hartze bikoitza izango du guatemalarrak jaialdiaren Horizontes Latinos sailean, Temblores eta La Llorona filmekin.

Guatemala, Frantzia eta Luxenburgo arteko koprodukzio bat Temblores film saritua, eta Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean aurkeztuko du Jayro Bustamante zuzendariak. Pabloren bizitza du hizpide: 40 urteko gizon ezkondu bat da, eta bi seme-alaba ditu. Kristau elizkoi eta eredugarria da, baina bere bizimodu tradizional perfektuan arrakalak agertuko dira gizon batekin maitemindu egingo denean: bere sentimendu eta sinesmenak elkarrekin lehian hasiko baitira.

Bere bizitza intolerantziazko eta errepresiozko infernu bat bihurtuko da; izan ere, Pablo sendatzeko ahalegin guztiak egingo dituztela erabakiko dute familiak eta elizak, eta terapia bidez gogoa erreprimitzera behartuko dute.

Homosexualak sendatzeko terapia delakoen «gaitza» salatzen duelako erabaki du GEHITUk saria film honi ematea, egiaz «bortxaketa psikologikoa» baita zientziatzat saltzen den «aberrazio» hori. «Esfera pribatuko fenomeno bat denez eta erlijio-askatasunaren babespean dagoenez, aurrera ateratzen direnek ez dute salaketarik jartzen senideen aurka eta estatuek ere ez dute behar bezala esku hartzen», deitoratu du elkarteak.

Alderdi zinematografiko soilari dagokionez, Bustamanteren eta antzeztaldearen lana nabarmendu dute, ironiaz eta «dramaren eta komediaren artean» jorratu dutelako gai zail hori. Argazki- eta jantziteria-arduradunen lana ere goretsi du GEHITUk, filmarekin lortu nahi zen «zehazgabetasuna» azpimarratzen lagundu baitute.

LGTBI kolektiboaren errealitatea, askatasun zein mugak, eta aurrerabide sozialak hoberen islatzen dituen Zinemaldiko film latinoamerikar onena saritzen du GEHITUk. Iazko zinemaldian aurkeztutako sei film lehiatu dira aurtengoan saria eskuratzekoLemebel (Joanna Reposi Garibaldi), Segunda estrella a la derecha (Ruth Caudeli), One Taxi Ride (Mak CK), Un rubio  (Marco Berger), Temblores (Jayro Bustamanteeta Esto no es Berlín (Hari Sama). Jayro Bustamanteren proposamenak jasoko du saria, 67. edizioaren baitan, irailaren 20 eta 28aren artean.