More Raça zinemagile kosovotarraren eta Pau Cruanyes eta Gerard Vidal katalanen lehenengo lanak, eta Andrei Gruzsniczki errumaniarraren film luze berria ikusiko ditugu aurten Glocal in Progress jardueran. Hiru filmak postprodukzio-fasean daude, ekoizle, banatzaile eta agente bila.

Albanieraz, errumanieraz eta katalanez egindako hiru film aurkeztuko ditu Glocal in Progress jardueraren hirugarren edizioak. Hiru filmak postprodukzio-fasean daude, eta ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzailez osatutako audientzia bati aurkeztuko zaizkio, lanak amaitu eta nazioartean banatzeko kanpo laguntza bilatzeko.

Galaktika e Andromedës / Andromeda Galaxy  filmean, iraupen luzeko langabetu batek Kosovon bizi duen egoera zaila irudikatu du More Raçak (Kosovo, 1992). Raçak 2019ko Berlinale Talents programan parte hartu zuen, eta zuzendu duen lehenengo film luzea da hau; aurrez, hiru film labur egin zituen.

Emil, Andrei Gruzsniczkiren (Ploiesti, Errumania, 1962) filma, Errumaniako herrixka batean girotutako eta umore beltzez jositako dolu- eta mamu-istorio bat da. Zuzendariak hainbat sari irabazi dituzte jada, besteak beste, Transilvaniako eta Erromako zinema-jaialdietan eta Errumaniako Zinema Akademiaren sarietan.

Pau Cruanyesek (Bartzelona, 1995) eta Gerard Vidalek (Bartzelona, 1995) beren lehenengo lana ekarriko dute, Les dues nits d’ahir / Yesterday’s Two Nights. Elkarrekin zuzendu zuten Celebración film laburra ere, Sitgeseko zinema-jaialdian zuzendari berrientzako SGAEren saria irabazi zuena.

Glocal in Progress deialdia

Alemanez, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta errusieraz izan ezik, Europako beste edozein hizkuntzatan egin diren eta postprodukzioan dauden filmentzako Industria jarduera da Glocal in Progress. Irailaren 23an, 24an eta 25ean egingo da Glocal in Progressen hirugarren edizioa, Zinema Eraikitzen 36 eta Europa – Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroa egingo diren egun beretan.

Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako ekoizpenei zuzendu diote, beraz, deialdia. Hautaketa prozesu bat eman da, eta hautatutako hiru proiektuek ekoizpena amaitzen eta nazioartean zabaltzen lagunduko dien talde baten bultzada jasoko dute. Talde honetan, besteak beste, produktoreak, banatzaileak, salmenta agenteak eta programatzaileak egongo dira.