Zuzendaria: Benjamin Naishtat
Herrialdea: Argentina
Urtea: 2018

-Isiltasuna nagusitzen denean, guztiak dira errudun-

Argentinako hiri txiki lasai batean, 1975ean…

1. sekuentzia: bizilagunak etxetzar batetik ateratzen ari dira, bata bestearen atzetik, hitzik esan gabe.

2. sekuentzia: jatetxe batean, eta arrazoi nabarmenik gabe, gizon ezezagun bat Claudio abokatu ezagunari joka hasiko zaio. Herritarrek erasotzailea handik botako dute. Etxera bidean, Claudiok eta emazteak gizon ezezagunarekin egingo dute topo, eta, borroka egin ondoren, erasotzaileak bere buruaz beste egingo du. Claudiok ez du ezer egingo ero hori salbatzearren.

3 hilabete geroago…

“ROJO”

Horixe filmaren lehen minutuetan ikusleak jasoko duena. Ulertezinak diren hogei minutu horien ondoren, filmak jakin-minez nauka: zein ote da bi sekuentzia horien arteko erlazioa? Zein eragin izango ote du gertakari horrek Claudio eta bere familiaren bizitza lasaian? Ezezagunari lagundu ez izanak errudun bilakatzen du? Mendeku hartu nahiko ote dute?

Filmaren protagonista Claudio bada ere, istorio asko nahasten dira: Sinclair detektibearen ikerketa, Paularen ―Claudioren alaba― lehen amodio istorioa, eta Argentinako gatazka. ROJO 1970eko hamarkadaren erdialdeko testuinguru soziopolitiko argentinarrean oinarrituta dago, A Hirukoitza (Antikomunisten Aliantza Argentinarra) talde terrorista paramilitarra jardunean ari zela eta diktadurari bidea emango zion estatu-kolpetik gertu. Tentsio-egoera nabaria da film osoan zehar, komunitatearen nazkan, umiliazioan eta intimitatean. Horregatik, erabat egokia da garai horretako giroa aldi berean thriller psikologiko eta drama familiarra den film hau sortzeko.

Poliziaren galdeketan Claudiok zakar erantzuten du hilketa estaltzearren: “Hiri txiki lasaia da hau eta hiritarrok bakean bizi nahi dugu”. Benjamin Naishtat zuzendariak gaurkotasun handiko arazoa salatu nahi baitu filmaren bidez: “Askotan gizarteak beste aldera begiratzen du, konplize bilakatuz.” Halakoan, ROJOk ikuslea protagonistaren azalean jartzen du, erabaki propioak har ditzan.

70eko hamarkadako estetika oso landua dago: pertsonaien janzkerak (gizonen biboteak bereziki), koloreak, eta atrezzoa bereizgarriak dira. Kameraren mugimendu zelatariak (zoom aztoragarriak edo kamera geldoa) eta soinu-bandak ere deseroso sentiarazten dute ikuslea. Hori baita filmaren xedea: ekaitza iritsi baino lehen dagoen barealdi faltsua erakustea.

Lehengo urtean Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen ROJO filma, eta honako hiru sari hauek jaso zituen: Zilarrezko Maskorra, Benjamin Naishtat zuzendariak; gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, Dario Grandinetti aktoreak; eta Argazki onenaren saria, Pedro Soterok. Egun, ROJO ikusgai daukagu zinemetan, Trueban (Donostia), adibidez.

Aukera paregabea da bere garaian ikusi ez genuenok pantaila handian ikusi, eta aurtengo Zinemaldirako ”motorrak berotzen” hasteko, hilabete besterik ez baita falta. Zein altxor ekarriko ote digu oraingo honetan zinemagintza argentinarrak?

https://www.youtube.com/watch?v=t-sR3LSx_Fs