67. Donostia Zinemaldiak Horizontes Latinos sailean lehiatuko diren hamabi filmak aurkeztu dituCannesen eta Sundancen, nahiz Berlinen eta Venezian aritutako filmak dira, genero zein gai askotarikoak.

Osorik ala zati batean Latinoamerikan ekoitzitako filmek, latindar jatorria duten zinemagileek zuzendutakoek ala latindar komunitateei buruzkoek hartzen dute parte Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean, eta aurtengo edizioan lehiatuko diren hamabi izenburuen berri eman dute.Argentina, Brasil, Txile, Kuba, Guatemala, Mexiko, Peru eta Uruguaiko zinemagile horiek askotariko gaiei buruzko begirada panoramikoa eskainiko dute: Guatemalako genozidioa, 70eko hamarkadako Txile, kubatar baltseroen krisia, legezko abortua Argentinan, eta Mexikoko bizitza.

Historia-liburuetan lekurik ez duten narrazioak ere ekarriko dituzte: besteak beste, helduaroan sartzeari, bizitzako krisialdiei eta familiarteko harremanei buruzkoak. Filmetako bik Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuten proiektu besterik ez zirenean, eta hiru Zinema Eraikitzen saileko azken edizioetan izan dira. Zazpi ekoizpen zinemagileen lehen edo bigarren lanak dira eta Gazteriaren TCM Sarirako ere hautagai izango dira.

Ondorengoa da filmen zerrenda:

Patricio Guzmanen (Santiago, Txile, 1941) azken filmak emango dio hasiera sailari, La cordillera de los sueños filmarekin.  Bere herrialdearen iparraldean Nostalgia de la luz, eta hegoaldean El botón de nácar filmatu ondoren, Andeetan amaituko du bere trilogia. Azken lan hori Cannesko zinema-jaialdian aurkeztu zen, emanaldi berezi batean, eta dokumental onenaren L’Oeil d’or saria eskuratu zuen.

Jayro Bustamantek (Guatemala, 1977) Alfred Bauer saria irabazi zuen Berlinalen bere lehenengo lanarekin (Ixcanul, Horizontes Latinos, 2015), Zinema Eraikitzen saileko aukeran sartu eta bertan aipamen berezia jaso ondoren. Aurten, parte hartze bikoitza izango du Horizontes Latinos sailean. Bere bigarren filma, Temblores, gizon batekin maiteminduko den 40 urteko kristau ebanjeliko eta elizkoi bati buruzkoa, eta hirugarrenarekin, La Llorona, Guatemalako genozidioaren ingurukoa. Azken honek Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren EFADs-CACI saria lortu zuen iazko Zinemaldian, eta sailari amaiera emango dio, lehiaketaz kanpo.

Gainera, Armando Caporen (Gibara, Kuba, 1979) lehenengo lanak, Agosto -k, Donostian izango du Europako estreinaldia. Kuba, Costa Rica eta Frantzia arteko koprodukzio hori Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2014) aukeratu zuten, eta Zinema Eraikitzen 32 (2017) sailean parte hartu zuen. Capók 13 urteko Carlos gaztearen istorioa kontatuko du, 1994ko udaren azken egunetan, baltseroen krisi betean.

Andrés Woodek (Santiago, Txile, 1965) Zinemaldiko New Directors sailean aurkeztu zuen bere lehenengo lana, Historias de fútbol (1997). Ordutik, Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu du (Machuca, 2004), film hispanoamerikar onenaren Goya saria irabazi du (La buena vida, 2008), eta Sundancen Epaimahaiaren Sari Nagusia ere eraman zuen (Violeta se fue a los cielos, 2012). Araña filma aurkeztuko du jaialdiaren 67.edizioan, Salvador Allenderen gobernuari aurka egiteko sortu zen Patria y Libertad mugimenduan barneratuko da, eta Mercedes Morán eta María Valverde aritu dira antzeztaldean.

Así habló el cambista -k, halaber, Federico Veirojen (Montevideo, 1976) bosgarren film luzeak, Horizontes Latinos sailaren esparruan izango du Europako estreinaldia. Daniel Hendler eta Dolores Fonzi dira filmaren protagonistak eta Montevideon argentinarren eta brasildarren dibisa klandestinoak salerosten dituen merkatari bat da filmaren ardatza. Juan E. Gruber idazlearen izen bereko eleberri baten egokitzapena da.

De nuevo otra vez Romina Paula (Buenos Aires, 1979) aktore eta dramagileak zuzentzen duen lehenbiziko lana da. Zuzendariak berak bete du protagonistaren rola, fikzioa eta ez-fikzioa nahasturik familiari, amatasunari eta bizitzaren ekuatoreko krisi existentzialei buruz hausnartzen duen lan honetan.

Sebastián Muñozen lehenengo film luzea da El Príncipe. Alfredo Castro eta Juan Carlos Maldonado protagonistek 20 urteko gazte baten bizitza kontatuko digute, 70eko hamarkadan Txileko espetxe batean. Zinema Eraikitzen 34 saileko aukeran izan zen, eta Veneziako zinema-jaialdiko Kritikaren Astean izango du estreinaldia.

La bronca Daniel eta Diego Vega (Lima) anaien hirugarren film luzea da. Haien lehenengo lana, Octubre, Un Certain Regard saileko Epaimahaiaren Sariaren irabazlea izan zen, eta Horizontes Latinos sailerako aukeratu zuten. Bigarren filmak, El mundo-k, zuzendari onenaren saria irabazi zuen BAFICIn, baita gizonezko aktore onenaren saria Locarnon ere. Gainera, El Chapo telesaileko zenbait atal zuzendu dituzte elkarrekin, eta Diego Vega Matar al padre telesailaren sortzaileetako bat da, Mar Coll eta Valentina Visorekin batera. La bronca filmean, nerabe batek atzean utziko du Peru, 90eko hamarkadan, eta Montrealera joango da Kanadan familia berria sortu duen aitarekin elkartzeko.

Los sonámbulos Paula Hernándezen (Buenos Aires, 1969) laugarren filma da, senarraren familiaren etxean senideekin bilera tirabiratsua biziko duten emakume bati eta haren alaba nerabeari buruzkoa. Filmak Horizontes Latinos sailean izango du Europako estreinaldia, eta Erica Rivas protagonistarekin batera, Daniel Hendler, Marilú Marini eta Luis Ziembrowski aritu dira antzeztaldean.

Lucía Garibaldiren (Montevideo, 1986) lehenengo lanak, Los tiburones-ek, Zinema Eraikitzen 34 saileko Industria saria (2018) eta Film Factory saria eraman zituen. Orduz geroztik, besteak beste, Sundancen zuzendari onenaren saria (World Cinema Dramatic Competition) eta BAFICIko Epaimahaiaren Sari Berezia lortu ditu, marrazoak dauden susmoa dela-eta aztoratutako bainuetxe batean, lehenengo aldiz desira sentituko duen nerabe bati buruzko film honek.

Alejandro Landesek (Sao Paulo, Brasil, 1980) bere hirugarren filma ekarriko du: Monos. Begirada garaikidez interpretatuko du Eulien ugazaba eleberria. Haur gerrillarien talde bat eta bahitutako emakume estatubatuar bat dira protagonistak. Filmak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Sundancen (World Cinema Dramatic Competition), eta Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean ere aurkeztu zen.

Nuestras madres -ek, Cesar Diazen (Guatemala, 1978) bigarren film luzeak, Guatemalako gerra zibilean parte hartu zuten militarren epaiketak aztertuko ditu. Kritikaren Astean izan zuen estreinaldia, eta Caméra d’or saria (Cannesko zinema-jaialdiko opera prima onenari ematen zaiona) eta Prix SACD saria irabazi zituen.

Zinemaldiak gertutik jarraitu du Gael Garcia Bernal (Guadalajara, Mexiko, 1978) aktore, zuzendari eta zinema-ekoizlearen ibilbidea, Amores perros (Zabaltegi, 2000) filmarekin antzezten hasi eta nazioartean sona hartu zuenetik. Mexikarrak zuzendu duen bigarren film luzea aurkeztuko du oraingoan: Chicuarotes. Pobreziatik eta beren herrialdeko indarkeriatik ihes egin nahi duten bi neraberen istorioa.

Azkenik,  La ola verde (Que sea ley) proiektatuko da lehiaz kanpo, Juan Solanasen (Buenos Aires, 1966) bigarren filma. Argentinan abortua legeztatzeko borroka da filmaren gaia.