Errealitate birtual, adimen artifizial, blockchain eta errealitate areagotuko bost proiektu izango dira Zinemaldia & Technology Startup Challenge lehiaketan. Irailaren 22an egingo da jarduera, eta eskola magistralak zein aurkezpenak hartuko ditu ere.

Teknologia berriak ikus-entzunezkoen eremuan txertatzeko enpresa-proiektu berriak proposatzen dituzten ekintzaile eta startup sortu berrientzako lehiaketa da Zinemaldia Startup Challenge, eta Europako bederatzi herrialdetako 32 proiektu jaso ditu lehenengo edizioko deialdian (Alemania, Danimarka, Espainia, Frantzia, Irlanda, Italia, Portugal, Suedia eta Suitza).

Donostia Zinemaldiak, Tecnaliak, Tabakalerak (2deo ikus-entzunezkoen laborategiaren bitartez) eta Petronorrek antolatzen dute jarduera. Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa, aldiz, jardueraren ekimen nagusia, Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako Sailaren bitartez; gainera, Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroaren lankidetza ere jasoko du.

Lehenengo deialdia izan da aurtengoa, eta, askotariko teknologiak oinarri, ikus-entzunezkoen alorrerako konponbide berritzaileak planteatu dituzte jaso diren enpresa-proiektuen proposamenek: besteak beste, big data, errealitate areagotua, errealitate birtuala, gauzen Internet, blockchain, machine learning eta 3D-an inprimatzea.

Espainiatik, Frantziatik, Irlandatik eta Suitzatik datoz aukeratutako proposamenak, eta, 10.000 euroko sariaz gain, lehen urtean Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC batean doako inkubazio-eremua eta 500.000 eurora arteko finantzazioa lortzeko lehiatuko dira. Finalistek Zinemaldiaren esparruan defendatuko dute beren proposamena, Zinemaldia & Technology jardunaldian. Bost proiektu hauek dira: Flow Cut, Bizkaiko ekintzaile talde batek garatutako errealitate birtualeko proiektu bat; LargoAI, Suitzako startup batek adimen artifizialaren eremuan sustatutako ekimen bat; Shield, adimen artifizialaren alorreko beste proiektu bat, Arabako konpainia baten eskutik; Scenso.TV, Frantziako enpresa batek landutako blockchain-teknologiako aplikazio bat; eta Volograms, Irlandako enpresa baten proposamen berritzailea, errealitate areagotuko eta errealitate birtualeko edukiak sortzeko. Epaimahai independente batek aukeratuko du saria zer proiekturi eman.

Irailaren 22an egingo da Zinemaldia & Technology-ren bigarren edizioa, Tabakaleran. Bost proiektu finalistak aurkeztu (pitching) eta sariak banatzeaz gain, eskola magistral bat eta lau aurkezpen eta enpresa-erakustaldi hartuko dira barnean.