Datoren irailaren 17an kaleratuko da Edward Snowdenen Permanent record liburua. Eta film handiek egiten duten bezala kaleratuko da: mundu mailako argitalpenarekin, aldi berean, 20 herrialdeetan. Datarena ez da kasualitatea: irailaren 17a AEBko Konstituzioaren eguna da.

“Nire izena Edward Snowden da. Lehenago, gobernuarentzat egiten nuen lan, orain, herriarentzat”, horrela hasiko da. Inteligentzia Agentzia Zentraleko langile ohiaren memoria pertsonalak dira datorren irailean argitara emango dituztenak, eta zuen memoria fin badago gogoratuko duzue nor den Edward Snowden.

Hau irakurtzen despistaturen bat baldin badago, ordea, gogoratuko diot:  Snowdenek hankaz gora jarri zuen AEBetako segurtasun agentzia, estutasun batean Etxe Zuria, ebidentzian telefomunikazio enpresa handiak, sutan iritzi publikoa eta uluka herritarrak…  Inoiz, sekula, egin den filtrazio handienaren ardunadun da, hainbat egunkarietan publikatutako dokumentuek (milaka) frogatu baitzuten AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak eta Interneteko enpresa nagusiek erabiltzaileen datu pribatuak erabiltzen dituztela.

Datorren irailan kaleratuko diren memorietan, CIAko langile ohiak azalduko du zein izan zen filtrazioak egiteko motibazioa.

Permanent record liburua interesgarria egiten bazaizue, eta irailaren 17a egutegian urrun dagoela pentsatzen baduzue, hemen nire gomendioa: Ikusi Citicenfour dokumentala (Youtuben dago!).

Hauxe duzue trailerra.

Eta hemen dokumental osoa.

Zergatik da dokumental hau interesgarri?

Batez ere, filma denbora errealean grabatuta dagoelako. Laura Poitras zuzendaria eta Glenn Greenwald kazetaria 8 egunez elkartu ziren  Hong Kongo hotel bateko gelan Edward Snowdenekin. 8 egun horietan Edwardek azaldu zien mundua hankaz gora jarriko zuen filtrazio batzuk egingo zituela: nola eta noiz egingo zituen jakinarazi zien.

Epilepsia tratatzeko aitzakiarekin baimena eskatu zuen lanean CIAko langile gazteak, eta Hong Kongera egin zuen alde, ihes. Behin, seguru eta ezkutuan, AEBetatik urrun, publiko egin zituen dokumentu denak.  Albistea lehertu aurreko egunetan eta gerokoetan izandako elkarrizketak dira dokumentalaren ardatz. 8 egun horiek zuzenean bizitzeak ez du preziorik. Nabarmendu behar da, gainera, momentu horretan CIAko langile ohia justiziarengandik ihesean zegoela, ezkutuan, eta inork ez zuela haren berri. Soilik Poitras zinema zuzendariak eta Greenwald kazetariak.

2013an jaso zuen lehen email enkriptatua Laura Poitrasek, Citizen Four zen emailearen igorlea. (Hong Kongo hotelean aurkeztuko zuen bere burua lehen aldiz Edward Snowdenek, bera zen Citizen Four). Hortik, dokumentalaren izena.

2015ean dokumental onenaren saria jaso zuen Oscar sarietan, baina baditu sari gehiago, horien artean, Gotham Independent Film Awards, Critic’s Choice Awards, Bafta eta Independent Spirit Awards. Citicen Four-ek ez zuen kasulitatez hautatu Laura Poitras. Aurretik bazituen beste bi dokumental, eta hirugarren honekin osatu zuen trilogia.

Lehena My Country, My Country, Irakeko okupazioaren ingurukoa (oskar sarietarako izendatua ) eta, bigarrena, The Oath,  AEBko armadak atxilotutako bi yemeniarren ingurukoa. Sundanceko festibalean saritu zuten azken hau.

Gaur egun, Snowden Errusian dago. Bertako gobernuak 2020rarte eman dio bertan egoteko baimena.

Irailaren 17a aitzin, baduzue zer ikusi!