Donostia Zinemaldiak Puxika Gorria / El Globo Rojo haurtzaindegi-zerbitzua sustatuko du 67.edizioko akreditatuentzat, San Telmo Museoarekin eta Parenting at Film Festivals taldearekin elkarlanean eta CIMAren (Zinemako eta Ikus-entzunezko Bitartekoetako Emakumeen Elkartea) laguntzaz.
“Apurka-apurka, zinema-jaialdietara iristen ari da kontziliazioa. Xumeki, haurtzaindegi honekin geure harri-koskorra ekarri nahi izan dugu, garapen sozial bidezkoagoa eta inklusiboagoa bultzatzeko”, adierazi du Zinemaldiaren zuzendariak, José Luis Rebordinosek. Cannesko zinema-jaialdiko Le Ballon Rouge ekimenaren antzeko, Puxika Gorria / El Globo Rojo zerbitzuak ehun metro karratuko eremua hartuko du San Telmo Museoan. Zinemaldiaren egoitza nagusietako bat da San Telmo Museoa, eta bertan egiten dira industriako profesionalentzat antolatutako jarduerak; besteak beste, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa.
Zaintzaile profesionalen enpresa batek kudeatuko du zerbitzua, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez zainduko dituzte akreditatuen seme-alabak. Zerbitzua 10:00etatik 18:00etara bitarte egongo da zabalik, irailaren 20tik 28ra arte, 6 hilabetetik 6 urtera arteko haurrentzat. Iragarri dute, gainera, haurtzaindegiak edoskitzeko eremu bat eta gurasoentzako elkargune bat ere izango dituela.
Zinemaldi osorako, haur bakoitzeko 50 euro izango da kostua. Halaber, 16 orduko bonuak eskuratu ahal izango dira, 30 euroan. Irailaren hasieran Zinemaldiaren webgunean jakinaraziko dira gainerako xehetasunak. Informazio gehiago nahi izanez gero, eta aurrez izena emateko, helbide elektroniko honetan jar daiteke antolatzaileekin harremanetan: ParentingAtFilmFests@gmail.com.