8 mm., Super-8, 9,5 mm., 16 mm. edo 35 mm. formatuetako pelikularik ba al duzu? Gustatuko al litzaizuke baldintza onenetan kontserbatu, eta, ahal den heinean, haiek hondatzea sahiestea? Euskal Herriarekin lotura duten aintzinako filmak galdegin ditu Euskadiko Filmategiak; trukean, telezineatutako edukia DVD batean edo disko gogor batean jasoko dituzte emaileek.
Euskal ondare zinematografikoa babesteko orduan partikularren gordailuek eta dohaintzek duten garrantziaz jabetuta, Euskadiko Filmategiak lanok telezineatzeko (euskarri zinematografikoan dauden irudiak euskarri bideografikora bilakatzea) zerbitzu bat abiatu berri du. 8 mm., Super-8, 9,5 mm., 16 mm. edo 35 mm. formatuetako pelikulak galdegin dituzte, betiere Euskal Herriarekin harremana dutenak, gordailuan katalogatu eta kontserbazio lanerako.
Formatu eskuragarri batean gorde nahi al duzue edukia, hala modu errazagoan eta erosoagoan izateko eskura zure irudiak? Jarraitu hurrengo prozedura zehaztutakoa eta egin zuen dohaitza!
Betebeharrak
- Euskadiko Filmategiak ondorengo formatuetan filmatutako irudiak jasoko ditu: 8 mm., Super-8, 9,5 mm., 16 mm. edo 35 mm.
- Doako zerbitzua da.
- Jatorrizko filmak Euskadiko Filmategiaren artxibategian gorde ohi dira, eta, ondorioz, gordailuan edota dohaintzan utzitako irudiak bere instalazioetan ikusi ahal izango dira.
- Gordailugileari edota dohaintza-emaileari telezinetatutako irudiak DVD batean entregatu, eta gordailu edota dohaintza* ziurtagiri bat emateko konpromisoa hartzen du bere gain Euskadiko Filmategiak. Era berean, nahi izanez gero, irudiak formatu digitalean eskuratu daitezke (DVDan jaso ordez). Kasu horretan, beharrezkoa da aldez aurretik jakinaraztea lehentasun hori eta irudiak gordetzeko disko gogor bat (PCrako formateatuta) ekartzea Euskadiko Filmategira.
- Irudiak behin bakarrik telezineatuko dira, eta gordailugile edota dohaintza-emaileari telezineatutako materialaren kopia bakar bat emango zaio. Kopia gehiago nahi izanez gero, Euskadiko Filmategiak kopiatuaren kostu teknikoa kobratuko du.
- Euskadiko Filmategiak irudiak filmatu ziren bezala entregatuko ditu. Era berean, irudiak telezineatu ondoren, ez da ediziorik egingo.
- Irudiek Euskal Herriarekin zerikusia izan behar dute; ondorioz, alde batera utziko dira baldintza hori betetzen ez duten irudi guztiak.
Bidalketa
- Filmak postaz, mezulariz edota pertsonalki ekarri daitezke gure egoitzara (Tabakalera. Andre Zigarrogileen plaza, 1-2. solairua. 20012 Donostia).
- Euskadiko Filmategiaren ordutegia ondorengoa da: astelehena-asteartea-asteazkena-ostirala (08:00-15:00) eta osteguna (08:00-14:00 / 15:00-17:30).
- Irudiekin batera, beharrezkoa da ondorengo harremanetarako datuak jakinaraztea: modalitatea* (gordailua edo dohaintza), izen-abizenak, NAN, helbidea, telefono-zenbakia (etxekoa eta sakelakoa), e-posta eta fax-zenbakia (izanez gero).