Kultura Plana 19/22 aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, datozen hiru urteetarako konpromisoak jasotzen dituen ildo estrategikoa. Filmen, telesailen eta sareko edukien ekoizpenean nabarmendu dute lehentasuna.

Kulturaren oinarrian” dauden sortzaileak babestu, horien nazioartekotzea sustatzea, eta euskal kulturaren liburutegi digitala sortzea. Finean, «kulturak presentzia gehiago» izan dezan tresna eta baliabideak indartuko dituztela iragarri zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak, eta proiekzio hori zehazteko sortu dute plana. Legealditik harago, 2019-2022 aldirako aurreikusi dute aplikazioa.

Kultura sorkuntza eta ekoizpena, eskaintza eta memoria izango dira lan ildo nagusiak. Kultura industrian, ikus-entzunezko alorrean atzeman dute «hazkunderako ahalmen handiena», eta, beraz, hari lotuta egingo dute «apusturik nabarmenena». “Zinemagileen sormena eta profesionaltasuna, politika publikoak eta Euskal Telebistaren konpromisoa giltzarri dira egungo zinemagintzaren loraldia ulertzeko, eta etorkizunari begira, sustatzeko eta bermatzeko”, jaso da Planean. Alde horretatik, beste hainbat neurriren artean, proposatzen da film gehiago babestea, EITBren inplikazio handiagoa lortzea, serieak ekoiztea, Interneterako produktuak sortzea edota EAEko animazioaren arloa sendotzea.

Aldi beran, kultur sorkuntza nazioartera zabaltzeko, mundu osoko eragileekin harremana estutzeko helburua zehaztu du Kultura Planak: azoka gehiagotara zabaltzeko, eta munduko azoka garrantzitsuetako antolatzaileekin harremanean sakontzeko. Besteak beste, Kultur eta Sormen Industrietarako politiketan jauzi nabarmena eman nahi dute: Kultura Sailaren eta Garapen Ekonomikorako Sailaren arteko lankidetzan, Basque DC2 Basque District of Culture and Creativity sortuko dute, sareak sortu eta nazioarteratzeko.

Informazio guztia, Irekian:

https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/56184-eusko-jaurlaritzak-kultura-eta-hizkuntza-politika-sailaren-2022ra-arteko-lan-ildo-nagusiak-jasotzen-dituen-kultura-plana-aurkeztu-gobernu-bilera-2019