Zuzendariak: Edith Carlmar
Herrialdea: Norvegia
Urtea: 1959

-Drama x4, 4K-an-

Larunbat honetan Edith Carlmaren UNG FLUKT filma proiektatuko da Tabakaleran. Bere garaian Norvegiako film ikoniko izandakoa 60 urte geroago iritsi da Donostiako pantaila handira, udan zehar zinemaren historia etengabea errepasatzen duen ziklora hain zuzen. Gainera, ez dugu edonola ikusiko, berrestreinatu berri den kopia zaharberritua -4K formatua du- ikusteko aukera izango dugu. Prest al zaudete Liv Ullman, nazioarteko aktore ospetsua, bereizmen izugarri handiz ikusteko?

UNG FLUKT amodiozko triangelu bati buruzko filma da. Gerd, 17 urteko nerabe zoro eta axolagabeak, atxilotu egingo dute portaera ezegokia izateagatik. Orduan, Anders-ek, bere mutil-lagun burgesak, basoan duten etxolara eramango du babestu nahian. Bertan egun lasai eta zoriontsuak igaroko dituztela uste badute ere, ezustekoak sortuko dira: alde batetik, gurasoak bikotearen maitasun-harremanari boikot egiten saiatuko dira, eta, bestetik, Gerd-ek gustuko duen ehiztari bat agertuko da etxolan.

Carlmarek kontrasteen bitartez bideratuko du istorioa: flashback-en bidez erakutsiko digu pertsonaien iragana, ikusleok bikotearen oraina ulertu dezagun, eta hiriko eta basoko bizimoduaren arteko aldea erakusteko zuri-beltzezko iluminazioa erabiliko du, izadiaren indarra goraipatuz. Gainera, baditu gazteriaren filmetan ohikoak diren elementu guztiak: pop musika, ikusten ez diren sexu-harremanak eta belaunaldien arteko gatazka, besteak beste. Eta garai hartan urratzaile ziren beste batzuk ere bai: Gerd-ek bularretakoa jantzita duela egiten duen dantza gogoangarria, adibidez.

Amodiozko drama hau inflexio-puntua izan zen Norvegiako zineman itzal handiko bi emakumeren ibilbidean. Batetik, Edith Carlmarek, Norvegiako lehen emakume zinegileak, zuzendu zuen azken filma izan zelako eta, bestetik, Liv Ullman ― 20 urte zituen Liv Ullman bera― ezagutzera eman zuen filma izan zelako. Azken honen antzezpen bikainak bidea ireki zion Ingmar Bergmanen musa bilakatzeko eta Oscar sarietarako izendapena bitan jasotzeko. Ez da harritzekoa.

Gerd-en pertsonaia da filmaren muina, bere ekintzen inguruan jarduten baitute beste guztiek. Eta profesionaltasunez hartzen du ardura hau Liv Ullmanek. Naturaltasun guztiz antzezten du nerabe bizkor eta ahularen papera, eta bere begiradak sentsualitatea eta inozentzia nahasten ditu aldi oro. Gerd-en izaera aldakorrak zaildu egingo dio ikusleari istoriaren norazkoa aurreikustea. Eta horixe da filmaren bertutea.

Arestian esan bezala, Norvegiako Liburutegi Nazionalak zaharberritu duen kopia proiektatuko da, Berlineko jaialdian, Berlinale Classics sailean, aurten berrestreinatu den kopia bera. Eta ikusleok aintzat hartu beharko genuke ikusezina eta ezezaguna den prozesu hau: lehenik, jatorrizko film negatiboaren kopia egin zuten garbitu eta urradurak konpontzeko; ondoren, eskaneatu egin zuten azken ukitu digitalak emateko, zuri-beltzezko iluminazioa hobetuz. Azkenik, jatorrizko soinu-banda estudio batean berriztatu zuten. Edozein filmen bermasterizazioaren erronka da, behin digitalizatuta, jatorrizkoaren giroa ahalik eta gehien errespetatzea eta horretarako FIAFaren (Film Artxiboen Nazioarteko Federazioaren) araudi etikoa errespetatu behar da. Kasu honetan, fede eman dezaket asmatu eta UNG FLUKT-en 4K DCP-ak kalitate ezinhobea eskaintzen duela.

Horregatik, guztiok animatzen zaituztet udan zehar zinemara joatera klasiko zaharberrituak berrikusteko (Hitchkoken Vertigo ostiral honetan edo Guy Hamiltonen Goldfinger 007 hurrengo larunbatean). Bereziki, hain ezagunak ez diren klasikoak ezagutzeko (Márta Mészárosen Örökbefogadás edo Elfi Mikeschen Ich Denke oft an Hawaii). Kopiak zaharberritu izanak bigarren aukera eskaini baitie film horiei, munduan ezagutzera emateko. Honen erakusle da guk Edith Carlmaren UNG FLUKT ikusteko dugun aukera.