Aspalditik puri-purian dagoen auzia da: jatorriz zinema jaialdiek izan duten erantzukizuna eta garrantzia, kolokan ote daude? Zinema bera al da -arte adierazpen gisa ulertuta- jaialdi hauen protagonista ala alfonbra gorriak dakarren ikuskizun eta ikusminak gain hartu al dio?

Akademizismo tradizionalean oinarritutako ikuspegi monopolista hollywoodianoa ezartzen ari da berriz ere mundu zabalean. Zinema jaialdiak -eta guztien buru Mostra Internazionale d’Arte Cinematografica-k-, industria zinematografiko estatubatuarraren publizitatea, fama, marka, eslogana, errelatoa… bikain baliatzen dabiltza azken urteetan. Hala, Hollywoodek eta bere industria komertzialak indartsu eragiten jarraitzen dute programatzaileengan, eta hizkuntza zinematografikoaren garapenean sinistu eta proposamen ausart eta berritzaileak eskaintzen dituzten ekoizpen marjinalak itotzen dituzte.

Iaz, Veneziako Mostraren 75. ekitaldiari buruz idatzi nuenean azaldu nuen nola 2011n zuzendaritza aldaketa prozesu batean murgildu zen jaialdia: zortzi urteko agintearen ostean, Marco Müller zinema kritikari eta ekoizle erromatarra kargugabetu egin zuten, beharbada Mostrak inoiz izan duen zuzendari artistiko ameslariena, berritzaileena eta internazionalena. Glamourraren eta izarren aldeko apustua eginez, Alberto Barbera izendatu zuten arduradun nagusi.

Ordutik, norabide aldaketa izan du Mostrak, eta aurreko ostegunean (uztailak 25) 76. ekitaldian parte hartuko duten filmen irakurketak orain arte aipatutakoa berresten du. Zuzendariena baino, aktore ezagun eta puntisten zerrenda da aurten, batez ere, azpimarratzekoa. Eta nola ez, emakumezko zinegileen urritasuna eta Netflixen auzia ere presente daude, nahiz eta ez den iazko zalaparta sortu afera hauen inguruan.

Urrezko Lehoiaren lehia

Izen handi asko batuko dira abuztuaren 28tik aurrera Lidon, eta Leone d’Oro preziatua irabazteko hautagai nagusiak izango dira. Lucrecia Martel zinegile argentinarra izango da epaimahaiburua eta, besteak beste, honako film hauen artean erabaki beharko du nori eman Sail Ofizialeko sari gorena: Roman Polanski poloniarraren J’Accuse (Jean Dujardin eta Louis Garrelekin), Steven Soderberghen The Laundromat (Netflix: Meryl Streep, Gary Oldman eta Antonio Banderas protagonista izango dituena), Roy Andersson suediarraren About Ebdlessness, Pablo Larrain txiletarraren Ema edota Ciro Guerraren Waiting For The Barbarians (Netflix: Johnny Deep eta Robert Pattinson aktoreekin).

Ezin albo batera utzi, halaber,  Todd Phillipsek zuzendu duen Joker (Joaquin Phoenix eta Robert De Nirok parte hartuko dute), Noah Baumbachen Marriage Story (Netfli: Scarlett Johansson, Adam Driver eta Laura Dern), Olivier Assayasen Wasp Network (Ana de Armas, Penelope Cruz eta Edgar Ramirez), Mario Martoneren Il sindicato del Rione Sanità eta Robert Guédiguianen Gloria Mundi.

Mostra gurean oso maitatua den (eta iazko Donostia Sari horren lekuko) Hirokazu Kore-Eda japoniarraren azken filmak inauguratuko du: La verité. Catherine Deneuve, Juliette Binoche eta Ethan Hawke izango ditu protagonista, Japoniatik kanpo filmatzen duen bere lehen ekoizpenean.

Asiar zinematografiak bi ordezkari gehiago baino ez ditu izango: Yonfan eta Lou Ye txinatarren N0. 7 Cherry Lane eta Saturday Fiction . Eta beste horrenbeste emakume zuzendariei dagokienez: Saudi Arabiako Haifaa al-Mansourrek The Perfect Canddate aurkeztuko du, eta Shannon Murphy australiarrak Babyteeth.

Hitzordu bereziak

Baina Sail Ofizialetik at, zinema jaialdiek bestelako proposamenak ere eskaintzen dituzte, askotan interesgarriagoak izaten direnak, edo behintzat, askeagoak begirada artistiko batetik abiatuta. Oskar Alegria nafarra, esaterako, Orizzonti sailean lehiatuko da Zumiriki dokumentalarekin. Zuzendariak hainbat komunikabidetan onartu du harridura handiz hartu duela albistea, eta ilusio handia egiten diola. Filmak naufragio baten istorioa kontatzen du, Pirinioetan, eta natura zuzendariaren beraren haurtzaroarekin harremanetan jarriko omen du. Barberak, Mostrako zuzendariak, honela definitu du dokumentala: “Sailkaezina” (estekan Barberaren adierazpenak euskarazko azpitituluekin).

Bestalde, Madre izeneko film labur arrakastatsua film luze bilakatu du Rodrigo Sorogoyenek, eta ikusgai egongo da sail berean ere.

Lehiaz kanpo, aldiz, Woman dokumentalak eman du arreta gehien, izan ere, 2.500 emakumeei egindako elkarrizketak ditu oinarri (Yaan Artgus-Bertrand eta Anastasia Mikova).  Paolo Sorrentinoren The New Pope telesailaren lehen bi atalak  ere ikusi ahalko dituzte bertaratutakoek. Jude Law protagonista duen The New Poperen bigarren denboraldia, nolabait esatearren. Izan ere, zuzendariak berak aitortu du ez dela aurrekoaren jarraipena izango.

Roger Waters Pink Floyd talde historikoaren abeslari eta sortzailearen azken biraren dokumentala ere proiektatuko dute: US + THEM, Watersek eta Sean Evansek zuzendutakoa. Jaialdiaren amaierako filma The Burnt Orange Heresy (Giuseppe Capotondi) izango da, eta besteak beste Donald Sutherlandek zein Mick Jaggerrek parte hartuko dute.

Urrezko Lehoi berezi bi ere banatuko dituzte Mostran, Pedro Almodovar zuzendari espainiarrari eta Julie Andrews aktore britainiarrari, hurrenez hurren. Barberak esan bezala, “Almodovar ez da Espainiak Buñuelen ostean izan duen zuzendaririk handiena soilik, frankismo ostean herrialdeko erretratu polifazetiko, ausart eta probokatzaileenak egiten asmatu duen bakarrenetarikoa baizik. Transgresioa, desira eta identitatea izan ditu beti gai nagusi […] Gainera, ezin ahaztu daiteke emakumezkoen erretratu originalak egin izan dituela bere filmetan.”

Andrewsi buruz, bestalde, zera nabarmendu du: “Mary Popins filmean egindako lanak lehen mailako aktore bihurtu zuen, eta The Sound of Musicek berretsi egin zuen hori […] Bi lau hauetan beraren inguruan sortu zen iruditik aldentzeko lan asko egin zuen, eta hori da nolabait saritu nahi dioguna. Urrezko Lehoi hau aktorearen ibilbideari aitorpena da”.

Ikus daitekeenez, Mostrak lehengo lepotik burua. Baina oraindik ere hilabete falta da jaialdia hasteko, eta ikusteke dago jaialdiak zein garapen izango duen. Bigarren urtez izango naiz aurten Lidon, abuztu amaieran, eta nola ez, 11 egunetan film zaparra ikusi ostean, aurtengo ekitaldiko kronikatxo bat ere idatziko dizuet. Bitartean, ondo pasa oporrak!