Rikardo Arregi, iraultzailearen presak dokumentala errodatuko du uda honetan Maluta Films ekoiztetxeak. Usurbilen egingo dute sekuentzietako baten errodajea abuztuaren 17an, eta figuranteak galdegin diuzte horretarako.

Rikardo Andoainen jaio zen, 1942ko irailaren 22an, eta euskal kazetaria, saiakeragilea eta euskaltzalea izan zen. 1969an, Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala auto istripu batean hil zen, Mendaro eta Mutriku artean. Hogeita zazpi urte besterik ez zituen arren, idazle gazte hark egundoko eragina izan zuen bere garaian, berak sortua baita, besteak beste, alfabetatze mugimendua. Arregik utzitako arrasto sakonaren froga dira, esaterako, hari loturik dauden hamaika sortzaile, ekimen eta omenaldiak.

1966ko maiatzaren 22an, Usurbilen altxatako Arregiren omenezko eskulturaren inaugurazio ekitaldian, Rikardo Arregi berak hitzaldi berezia eskaini zuen. Hitzaldiaren audioa grabatua izan zen, eta hitz gogoangarri horietatik abiatuta eraiki du kontakizuna Maluta Films ekoiztetxe donostiarrak. Andoain eta Usurbilen grabatuko dute film laburra, eta, hain zuzen, Usurbilen egingo duten errodaje egunerako galdegin dituzte figuranteak. Filmaketa abuztuaren 17an egingo da, goizeko 09:00etatik 19:00etara, frontoiaren inguruko plazatxoan, Arregiren omenezko eskulturaren inguruan.

Hauek Maluta Films-ek zabaldutako argibideak:

“Errodajean parte hartu nahi duzuen guztiok, mesedez, bidali zuen datuak eta argazki bat cristina@malutafilms.eus helbide elektronikora. Trukean, egun zoragarri bat pasatuko duzue, Usurbilgo 60ko hamarkadako gertaera esanguratsuenetako bat berregiten eta bazkari eder batera gonbidatuko zaituztegu”.