Un Otoño sin Berlin lanak izandako arrakastaren ostean, NORA bigarren proiektu luzea grabatuko du abuztua eta irailean zehar Lara Izagirre zinemagile zornotzarrak.
Nora filmak emakumeen identitatea eta zaintza jorratuko ditu, zuzendariak anti-roadtrip bezala definitu duen kontakizun eredu baten bitartez. “Emakumeon istorioak guk geuk kontatzea oso garrantzitsua dela deritzot”, azaldu du Izagirrek. Ane Pikaza aktorea (Vitoria 3 de Marzo, Jesus is black) izango da Nora protagonista, aktore ezagunez lagundurik.
Iragan maiatzean abiatu zuen proiektuaren ekoizpena Izagirre buru duen Gariza Films ekoiztetxeak. 2012 eta 2014 urte bitartean jaiotako mutiko baten bila aritu ziren lehenik, Markel protagonistaren papera egin zezan. Behin talde artistiko nagusia osatuta, aktore-multzoa osatuko duten figurante bila aritu dira azken hilabetean.
Proiektuak Gariza Films eta La Fidele ekoiztetxeen babesa izango du atzetik. Abuztutik aurrera, Euskal Herriko geografiako hainbat tokitan egingo dituzte filmatze lanak: Zornotza, Lekeitio, Ibarrangelu… eta baita Iparraldeko hainbat txokotan ere.