Atenaseko eraikin okupatuetan eta errefuxiatu eremuetan bizirauten duten pertsonen egunerokoa islatuko du Varados filmak, Helena Taberna zinemagilearen azken dokumentalak. Urriaren 4an helduko da Hego Euskal Herriko aretoetara.

Gizarte gaiak dira nagusi Tabernaren filmografian (Yoyes, Extranjeras, Berri ona, Nagore edo Acantilado filmak, besteak beste), eta oraingoan ere egunerokotasuna betetzen duen drama batean jarri du fokua altsasuarrak. Hain zuzen, Grezian, Europako ateetan, bizimodu duin baten bila pilatutako errefuxiatuen drama ekarriko du lehen lerrora, horien ikuspegi eta egunerokoak.

Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearen ekimenez heldu zen proiektua zuzendariaren eskuetara. 2016tik aitzina, Greziako lurraldean gatibu daudem migratzaileen elikadura hartu du bere gain, janari duinak sukaldatuz eta banatuz. Bada, 1.000.000 otordu baino gehiago banatu ditu hiru urteotan, Chios, Atenas, Patras eta Lesbosen. Egun, Lesboseko Moria kanpalekura mugatu dute beren jarduna.

2016tik Grezian paseko migratzaile direnen egunerokoa jasoko du ikus-entzunezkoak, Europara igarotzeko baimenaren “zain” esperoan bizi direnen esperientziak. Filmaren produkzioaz arduratu den Lamiak ekoiztetxeak azaldu duenaren arabera, testigantza indartsua sortu du Tabernak: “nahiz eta egoera eskasean biziraun, itxaropena bizirik mantentzeko eguneroko borroan diharduen jendea ikusiko dugu”.

Ondo bidean, urriaren 4an estreinauko da Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan, Márgenes Distribucion banatzailearen eskutik.