Zuzendariak: Marta Lallana, Ivet Castelo
Herrialdea: Espainia
Urtea: 2019

-Herriko uda gazi-goxo horiek-

Ikus-Entzuneko ikasle izandako Marta Lallana eta Ivet Casteloren gradu amaierako lana da OJOS NEGROS. Helburua ez zen inoiz izan film arrakastatsu bat sortzea, guztiok bizi izan dugun heldutasunerako bidea umiltasunez erretratatzea baizik, baina proiektua aurrera ateratzen hiru urte igaro ondoren, filma estreinatu berri da eta laudorio ugari jaso ditu dagoeneko. Ukaezina da bi zuzendari hasiberri hauek zinema-arloan etorkizun oparoa dutela.

Fikzioa sortu ahal izateko errealitatea ezagutu egin behar da, eta nabarmena da Marta eta Ivetek aitona-amonekin pasatako udarak gogoan dituztela. Horregatik, Martaren herria da filmaren kokalekua, eta bere ahizpa protagonista: Paula, 14 urteko nerabea, herri txiki batera joango da uda-pasa, apenas ezagunak dituen dituen izeba eta amonarekin. Alde batetik, amonaren gaixotasunak eragingo dituen familia tirabirak jasan beharko ditu eta, bestetik, Alicia izeneko neska bat ezagutu eta espero ez duen adiskidetasun harreman sendo bat izango du.

Hasierako sekuentzian malkoei eutsi ezinik, negar-tanta bat isuriko duen Paulak eta, bukaeran, izadiaren gerizpean murgilduta, aske sentitzen den Paula ez dira pertsona berdina izango. Martaren ahizparen antzezlana hain da ona, ezen askok profesionaltzat hartu duten, protagonistak bizitako transformazio pertsonala irudikatuko duten bi une horiek izango direla kontakizunaren puntu gorenak.

Filmak zinemaren historian askotan jorratutako gaiak ikutzen dituen arren -familia gatazkak, nerabeen arteko harremanak edo bizitzaren nahigabeak-, OJOS NEGROS filmean aparteko umiltasunez landu dira. Handikeri eza dirudiena, nahita eginda dago, horrela lortu baitute herri txikietako giroa zinema aretora ekartzea. Hala, bizitzak aurrera egiten duen arren, egunerokotasunak harrapatzen zaitu eta denbora gelditzen dela dirudi.

Zuzendarien hitzetan, ezingo litzateke film hau burutu bidailagun hauek gabe, azken finean zinema talde-lana da eta. Nanouk Films ekoiztetxeari esker lortu dute gradu amaierako lan hau film profesional bilakatzea, hasieratik babestu baizuten proiektua lan taldeari eskarmentu handiko profesionalak gehituz. Bestalde, Raül Refreek sortutako soinu-bandak guztiz bat egiten du filmaren erritmo eta estiloarekin. Ez da harritzekoa: Isaki Lacuestaren Entre dos Aguas edo Fermín Muguruzaren Black is Beltza filmen soinu-bandaren sortzailea izan da ere, eta, besteak beste, Rosalia, Kiko Veneno, Niño Elche, Silvia Pérez eta Amaiaren abestien ezagunenen atzean dago.

Carla Simonen Estiu 1993, Celia Ricoren Viaje al cuarto de una madre edo Laura Jouen La vida sin Sara Amat-ekin zerikusia duen fima da OJOS NEGROS, baina ahots propioa du. Orain arte, Malagako Zinemaldian Espainiako film onenaren saria irabazi du, Baficin ere lehiatu da eta D’A Zinemaldiko emanaldian Raül Refreek zuzenean jo du soinu-banda. Baina hau hasiera besterik ez da izan. Aurreko ostiralean estreinatu zen zinemetan eta gutxi barru FILMIN plataforman ere egongo da ikusgai.