(‘Gorroto dut zinema’ artikulu luzearen bigarren atala. Ikusi ere lehenengoa eta bigarrena)
Hausnarketa ez dudala bukatu sentitzen dut, ez dut lortzen guztiz definitzea, ondorioen bila nabil. Amaiera kontzeptualari segika. Guztia itxiko duen ideia aurkitu nahian. Eta orduan berriro, pentsamendu azkar bat pasa zait: pelikula bat ikustea agian, zinelariaren bihotz erritmoa sentitzea besterik ez da. Sortzaileak barnean sentitzen duen indar metafisikoa transmititzea ikusleari, horixe izan liteke narrazio-pultsua. Zuzendariak munduari buruz, bizitzari buruz, eta zinema berari buruz ere sentitzen duen pultsu edo bibrazio hori, erritmo zinematografiko bilakatuz azaleratzea. Dialogoen, aktoreen, kolore-paletaren eta horien guztien gainetik dagoen ideia da. Zinegile bera ere intuizioz dabil erritmo horren bila filma sortzen duen bitartean. Guztia baldintzatzen du, momentu oro, aktoreen mugimendua zehaztetik muntaian plano bakoitza muntatzera. Prozesu guztian dago present intuizio hori.
Sarri filmak muntatzean egiten den galdera horri, “zergatik aldatu duzu hemen planoz?” “ez dakit, hala behar zuela iruditzen zait” erantzuten dute zinegileak. Zerbaiten bila dabil, ez daki ordea oso ondo zer den, beraz, sentitzen duen barne senari jarraitzen dio. Soilik modu horretara harrapatuko baitu ikuslearen arima film guztian bere bihotza sentitzeko aukera emango diolako. Orduan, ikusleak bere jakinmin primarioenak ere asetuak izan direla sentituko du eta deskantsua hartuko du. Azkenean. Sabeleko min arrotza alde egiten doa, agian, mina baino bidaiatzeko premia, beste mundua ezagutzeko nahia, beste bihotzak ulertzeko beharra zelako.
Eta bat batean, pelikulaz ahaztuta nengoenean eta nire hausnarketatik zentzuzko zerbait atera nahi izan dudanean, ordu eta erdiko sekuentzia planoa amaitu eta besterik gabe, gure protagonistak alde egin du kameratik, eta ondorioz, filmetik. Kamera bere kabuz iluntasunera abiatu da, eta bertan gelditu da. Betiko. Isildu da kanpaia, eta mailua, isildu galderak. Mantsotu da bihotza, eta lasaitu erritmoa. Gelditu da narrazio-pultsua. Eta piztu dira argiak. Magia egia bihurtu da ordu biz. Ikaragarria. Ezin dut besterik esan. Maite dut zinema.