Askotan kosta egiten zaigu, niri behintzat, ikus-entzunezkoetan entzutearen alderdi horri merezi duen garrantzia ematea. ‘Soinua’ besterik ez da eta, garrantzia irudiak du. Irudiak grabatu eta muntatzeaz arduratzen direnek duten prestigioa, edo eta soinua grabatu eta muntatzeaz arduratzen direnek duten prestigio eza ere baieztapen faltsu baina oso zabaldu horren adierazpide izan daitezke.

Bada irudia bezain garrantzitsua da soinua zinemaren munduan. Ez nituzke %50eko proportzioan banatuko, izan ere, batek huts egiten badu proiektu osoa eroriko da, eta, beraz, bata ez da ezer bestea gabe. Aldi berean, soinuaren garrantziaz ez ohartzeko beste arrazoi bat izan ohi da hura ondo eraikia dagoenean, istorioarekin bat datorrenean, oharkabe pasatzen dela.

Jacques Tati-k soinuarekin jolasten zuen umorea egiteko.

Hala ere, soinuaren alderdi interesgarriena bere sormenezko alderdia da, izan ere, gauza asko esan daitezke soinu eta irudiaren arteko konbinaketan. Zinemaren historian zehar sortzaile askok erabili dute soinua elementu artistiko bezala, istorioa kontatzeko erreminta indartsua.

Robert Bresson-ek garrantzia handia ematen zion soinuari. ‘Un condamné à mort s’est échappé’ filman off ahotsak pisu handia du.

Soinuak irudiak dioena azpimarra dezake, baita kontraesan ere. Soinua gertatuko denaren adierazle izan daiteke edo gertatu den zerbait gogorarazi diezaguke. Soinuak mundu berri batean murgilarazi gaitzake, baita ezagutzen dugun mundu bat guztiz eraldatu ere. Soinuak istorio berri bat konta diezaguke, baita soinu faltak ere.  Eta guzti hau egin dezakeen zerbaitek duen garrantzia aitortzea merezi du.

Godard-ek ‘Bande à part’ filman, pertsonaia batek minutuko isilunea eskatzean filmeko soinu guztia kentzen du ia 40 segunduz.