Ia bi urte igaro dira filma Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zutenetik, eta jarraian etorritakoak, oro har, onak izan badira ere, prozesua nekeza ere izan zela kontatu digute: “Gustatuko litzaidake gauza positiboekin bakarrik geratzea, baina niretzako oso hilabete mugituak izan ziren”, dio Jose Mari Goenagak. ” ‘Handia’ bezalako proiektu batean sartzeko behar den inozentzia puntu hori nik baneukan”, aitortu digu Aitor Arregi zinemagileak. “Beldur pixka bat izango banu, ‘hobe etxean geratzea’ pentsatuko nuke”. Baina prozesuak ikaragarri irakatsi dio, eta oso eskertuta dago.

Goya sarien harira herritarrek erakutsitako maitasuna (eta eskuzabaltasuna), errodajez beteriko agendak, gainjartzen diren proiektuak… Goraldiak izan ditu bere ondorioak, baina esentzian berdin jarraitzen dutela uste dute: “Gure eztabaidak geroz eta luzeagoak dira. Lehen lanetan freskura handiagoa daukazu, ez zaizu hainbeste inporta hanka sartzea… Eta zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta kritikoagoa zara egiten duzunarekiko”.

Arrakastaren ostekoak bildu ditugu bi zinegileei egindako elkarrizketaren hirugarren atalean. www.zinea.eus