(‘Gorroto dut zinema’ artikulu luzearen bigarren atala. Ikusi lehenengoa HEMEN)

Narrazio-pultsu indartsu horren adibide garbia da ikusten ari naizen obra hau. Eta bat batean, filmaren erdian, bidaia honetan ordubete daramaguenean, protagonista zine areto batera sartu da, eta areto horretako pantailan filmaren kredituak agertu dira. Maisua, Bi Gan. Hasiko da ba, bidaiaren bidaia. Ikusten ari garen barruko pelikularen pelikulan argiak itzali direlako eta forma berriak agertzen hasi direlako pantailaren pantailan. Hemendik aurrera, guztia magia izango da. Ordu eta erdiko sekuentzia-plano baten bitartez bukaeraraino luzatuko da obra, mozketarik gabe, atentzio guztia gatibu filmaren filmean.

Ekain Albitek kontakizunerako oinarri izan duen ‘Long Day’s Journey Into Night’ filmaren irudia.

Eta berriro gogoeta, uste dut film hauek gure bururarekin elkarrizketak izatera bide ematen dutela. Ni horretan nabil behintzat. Erritmoaren ideiarekin darrait, gero eta argiago daukat bertatik sortzen dela film baten indarra. Ideia oso subjektiboa dela konturatu naiz, ordea. Hitzak jartzen zaila dena, definitzen ia ezinezkoa. Baina film oro ikusten dudanean sentitzen dut, irudien barruko bibrazioa da, gure kontzientziaren jabe egiten den magnetismo indartsua, arima konkistatzen duen zurrunbilo estetikoa, begiak pantailan tinko mantentzera behartzen gaituena.

Pelikulak sekuentzia-plano amaigabean jarraitzen du, honezkero 45 minutu badaramatza planoz aldatu gabe, gure protagonista festa txinatar batera hurbiltzen ari da. Bikain maneiatzen du kamera Bi Ganek, dimentsio ezberdinetara eramateko gaitasuna du bere eszenaratzeak, izan ere, sekuentzia-planoa hasi denetik guztia ametsa izan dela dirudi, edo auskalo, agian hasieratik izan da guztia amets, batek daki. Esan bezala, dimentsio paralelo honetan jarraitzen dugu, ekintza ezagunak errepikatzen dizkigu zuzendariak, aurretik pelikulan ikusitakoak, protagonistarentzat egunerokoak, horiek ordea, lekuz eta pertsonaiaz aldatuta erakusten dizkigu, behin eta berriz. Guztia nahastuz doa, korapilatuz, amaigabea den zurrunbilo honetan.

Galdu dut narrazioaren gogoeta, filmaren materia beran nago harrapatuta. Gure protagonista ikusle xume bat da, pentsatu dut, ametsak bizitzen ditugunean gertatzen den bezalaxe. Ganek ordea, lortu du ikus-entzunezko bera gainditzea, sartu du ikuslea protagonistaren ametsetan. Txinatarrak zinema konbentzionala hautsi du bere pelikularekin, narrazio-pultsua hipnotikoa maisuki erabiliz eta ikusleoi emozio berriak sentiarazteko aukera emanez. Hasieran nioen bezala, bidaia da pelikularen muina, eta zuzendariak espazio metafisiko batera garamatza, denborak eta lekuak nahasten diren tokira. Narratiba hil den leku horretan, guztia da iragan eta etorkizun, aldi berean. Iragankorra eta betikoa amaigabea den borrokan, azken denbora ezartzeko gatazkan. Eta orduan hasi naiz josten pertsonaiaren bidaia ametsen mundura eta filmaren erritmora. Oso lotuta daude bi ideiak, izaera hipnotiko horrek lortzen baitu ikusleak beste munduetara bidaiatzea, benetako trabesia egitea aretoko pantailaren bitartez, eta protagonistaren minak, haserreak, nahiak, desioak, txikitako errepresioak, guztiak, barnean sentitzea, sutsuki eta indartsu, bereak izango balira bezalaxe.

(…)