(‘Gorroto dut zinema’ artikulu luzearen lehen atala)

Gorroto dut zinema. Paradoxikoa, ezta? Zine ikaslea, eta zinema gorroto. Bai halaxe da. Ikasturtean zehar gorroto dut zinema. Gorroto ditut filmak, luzemetraiak, dokumentalak. Guztiak. Gorroto ditut dialogoak, eta pertsonaiak, eta lokalizazioak. Jasan ezinak pelikulen hasierak eta ikusgaitzak amaierak. Lista amaigabea egin dezakegu zinemako kontzeptu guztiak bertan jarriz. Baina guzti guztiak gorrotatuko nituzke. Bi hilabete neramatzan pelikularik ikusi gabe. Haiek gabe bizitzen ikasi nuela uste nuen. Inozoa ni. Ikasturtea amaitu bezain azkar, atsedenerako tarterik gabe, banuen sabelean min arrotza. Zerbait faltan sumatzen nuen. Inkontzienteki, ordenagailua eskutan nuela, zinema-aretoen zerrenda begiratu nuen goitik behera. Ordu guztietako pelikulak banan-banan aztertuz, “gorroto dut zinema” behin eta berriz errepikatzen nuen bitartean. Halako batean, filmetako batek atentzioa eman zidan. Trailerraren lehen 30 segundoak ikusita, zalantza izpirik gabe, erosi nuen sarrera. “Ederra egin duk” esan nion neure buruari. “Azken finean, gorrotoa eta maitasuna ez daude hain urrun”, pentsatu nuen gero. Eta auto justifikazio horrekin abiatu nintzen zinemara.

Ekain Albitek kontakizunerako oinarri izan duen ‘Long Day’s Journey Into Night’ filmaren irudia.

Halaxe, filmak ikusteko praktika galduta, aretora sartu nintzen. Pelikulako zuzendariaren izen xelebreak ez zidan inondik inora filmaren norabidea erakutsi, Bi Gan, txinatarra, pelikula bezalaxe, grazia egin zidan izenak. Bi hitz, Bi Gan. “Long Day´s Journey into Night” zen titulua. Bidaia genuen aurretik, beraz, gau ilun eta hezera, bi ordukoa. Sinopsiaren urte batzuk lehenago kalean oinez ikusi zuen emakume baten bila zihoan gizon baten istorioa kontatzen zuen filmak. Galduta zebilen gizona emakume misteriotsu haren bila, ikusleak ez daki, ordea, ikusten ari dena benetan gertatzen ari den edo guztia amets den. Argiak itzali ziren orduan, dena isil, ilun. Hasi bezain laster, ia ohartu gabe, filmak nire arreta guztiz harrapatu zuen, zuzendarien irudiek bazuten arima hipnotiko eta onirikoa. Ikaragarria. Milaka ispiluz betetako gelak, ur itoginez jositako piszinak, errealitate hutsez betetako ametsak. Berehala pelikulak bere kartzelan sartu ninduen, ihes egiteko inongo aukerarik eman gabe, begirada pantailatik kentzea ezinezkoa zitzaidan. Eszena bakoitza aurrekoa baino hipnotikoagoa zen. Babesik gabe nengoen, pelikulari guztiz salduta.

Filmaren formei eta irudiei iltzatuta nengoela, nire burua bertatik alde egiten hasi zen, eta bere kabuz pentsatzen, galdera bat errepikatuz behin eta berriz, gelditu gabe, isiltzen ez den mailua bezalaxe, orduro jotzen duen kanpaiaren legez. Zein da zinemaren arima? Zein da pelikulen esentzia? Filmaren erritmoarekin batera galderek nire burua zulatzen zuten. Behin eta berriz. Arima? Esentzia…?

Ez dadila inor beldurtu, artikulu honen funtsa ez da zinemaren benetako arimaren bilaketa bat egitea, inondik inora ere, are gutxiago esentziaren irakurketa platonikoa partekatzea. Idatziaren helburua norberak filmei eskatzen diena jakitea da, hain zuzen ere, bakoitzak pelikularen atzean aurkitzen duen magia ezagutzea.

Metrajea aurrera joan ahala baieztatu dut hasierako susmoa, irudietan galtzen hasi naiz. Uste dut zuzendariak hori nahi duela, ulertzen ez ditudan denbora aldaketak, ezagutzen ez ditudan pertsonaiak, guztiak dira arraro. Hala ere, kateatuta darrait. Pelikularen magnetismoa pantailatik atera eta zuzenean nire bihotzean iltzatu da. Ez dut ezer ulertzen, baina ikusten jarraitzeko beharra sentitzen dut. Ez dakit nora doan bidaia, baina oinez jarraitu beharra daukat. Eta jauzi berriz hausnarketara. Orduan pentsamendu iheskor bat pasa zait, ideia igarokor bat, denboraz harrapatu dudala uste dut. Bada zinemagintzan soilik ematen den kontzeptu bat, pelikula goitik behera baldintzatzen duena, narrazio-pultsuari buruz ari naiz. Adibide bikaina da pelikula hau ideia hori azaltzeko, agian bera gabe ez nintzen iritsiko kontzeptu honi buruz hausnartzera, filma ikusten ari naizela sortu baita nire buruan horren inguruan gogoeta egiteko beharra.

Bat batean, nire burua berriz itzuli da filmera, hortxe dago pertsonaia, gure protagonista. Hura, ni bezalaxe, irudi artean harrapatuta dagoela pentsatu dut, ihes egin nahian baina ezinean. Plano nagusi horren ondoren, lehen plano batera moztu du zuzendariak, protagonistak, ordea, hortxe jarraitzen du, elementu garrantzitsuena izaten, filmeko irudi orotan agertzen. Eta badoa berriz burua pentsamenduetara. Narrazio-pultsua pelikularen erritmoarekin lotuta dago, irudien barneko denborarekin. Azken finean, zinea ez al da ba horixe? Irudi desberdinak, bakoitza bere denborarekin, eta denbora horretatik dator irudiaren indarra. Ahaztu konposizioa, ahaztu estetika, ahaztu forma. Begiratu soilik erritmoari, erlojuaren orratzak pasatzeari, motel edo azkar, astun edo arin. Hori baita pantailan dagoen irudia, gure protagonista erlojuari begira, tinko. Eta badoa erlojutik pertsonaia, haatik, kamera hortxe gelditzen da, orratzen igarotzearen lekuko bakar gisa. Filmari buruzko gogoetaren metafora pelikulako irudietan. “Harrigarria”, diotsat neure buruari.

Azken finean, bada zerbait gure barnean pelikula ikusten amaitzera behartzen gaituena, gure kontzientzia harrapatzen duena. Agian, erritmo horretan datza erantzuna, zinelariak hori kontrolatzeko duen gaitasunean, hain zuzen ere. Erritmo horri esker forma desitxuratuak irudi bihurtzen doaz denboraren poderioz, bestela, gure begietatik garunera doazen zentzugabeko milioika pixel besterik ez lirateke, ulertu ezin ditzakegunak. Forma horiek irudi bilakatzen diren heinean, egia marraztean hasten da, eta egia erabatekoa izan arte, pelikula ikusten jarraitzera behartuta gaude, egia osoa nahi dugulako, behar dugulako.

(…)