Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan, irailaren 20tik 28ra bitartean, sailik garrantzitsuenetan ikusi ahal izango diren Espainian ekoitzitako hamabost lanak ezagutarazi dituzte Madrilen egindako agerraldi batean. Besteak beste, jakin dugu Moriartiren La trinchera infinita proiektua erakutsiko dutela mostraren sail ofizialean.
Loreak (2014) eta Handia (Epaimahaiaren Sari Berezia 2017an, Euskal Zinemaren Irizar saria eta hamar Goya sariren irabazlea) filmen taldea Sail Ofizialean lehiatuko da berriz. Aitor Arregik, Jon Garañok, eta Jose Mari Goenagak La trinchera infinita zuzendu dute, Antonio de la Torre eta Belén Cuesta protagonistatzat dituen lana. 1936ko uztailean kokatuko da istorioa, Espainiako Gerra Zibila hasi ondoren. Errepresalien beldur den gizon bat etxean ezkutatuko da eta 33 urte pasatu arte ez da kalera aterako. Urrezko Maskorraren lehian arituko dira Moriarti ekoiztetxeko kideak.
Belen Funesek (Bartzelona, 1984) bere lehen film luzea erakutsiko du Sail Ofizialean ere: La hija de un ladrón, eta Alejandro Amenabarrek (Santiago, Txile, 1972), halaber, Mientras dure la guerra aurkeztuko du Urrezko Maskorra lortzeko lehiara, 36ko gerran girotutako pelikula hau ere.
Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo, Daniel Sanchez Arevaloren (Madril, 1970) Diecisiete lana erakutsiko du aurten Zinemaldiak, eta emanaldi berezien atalean La odisea de los giles estreinatuko dute, Sebastian Borenszteinek (Buenos Aires, 1963) zuzendu duen filma. Un cuento chino (2011) eta Capitán Kóblic (2016) pelikulen egileak Eduardo Sancheri idazlearen eleberri batean (La noche de la Usina) oinarritu du lan berria
Zuzendari Berriak sailak zinemagileen lehenengo eta bigarren lanak hartzen ditu, eta iragarri dituzten lanen artean bada ere euskal jatorriko filmarik: Maider Fernandez Iriarteren Las letras de Jordi, hain zuzen. Ikusmira Berriak programan garatutako proiektua da, eta Fernandezek garuneko paralisia duen 51 urteko gizon batekin duen harremana du ardatz. Lucia Alemanyren valentziarraren La inocencia da sail horretarako aurreratu duten beste izenburua. Filmak Tarragonako herrixka batean uda igarotzen duen nerabe bat du protagonista.
Azkenik, Zabaltegi-Tabakalera sailean errepikatuko du Maddi Barber nafarrak. Barberren 592 metroz goiti film laburra ikusi ahal izan zen iaz Zabaltegin, eta Urpean lurra film ertaina aurkeztuko du aurten, Itoizko urtegiaren gatazkan girotutakoa. Izibene Oñederra animaziogilea izango du kide, Lursaguak film laburra aurkeztuko baitu honek. Hélène Cixous-en hitzak oinarri hartuta, animaziozko lan kontzeptuala aurkeztuko du azkoitiarrak. Sail berean izango dira, halaber, Ion de Sosa eta Chema Garcia Ibarraren Leyenda dorada eta Justin Websterren El fiscal, la presidenta y el espía, sei ataleko telesaila.