Irailean ospatuko den FICViña nazioarteko zinema jaialdiaren atarian, euskal zinema zikloa antolatuko dute Txileko Viña del Mar hirian. Amama, Oreina eta Dantza ikusi ahal izango dira bertan.

Jaialdiaren aurrerapen gisa ikusi ahal izango dira aipatutako filmak. Lehena, uztailaren 12an, Asier Altunaren Amama (2015) filma izango da; guraso eta seme-alaben, landa eta hiriaren eta iragana eta etorkizunaren arteko gatazkaz hitz egiten du lan honek. Ondoren, uztailaren 19an, Koldo Almandozen Oreina (2018) proiektatuko da. Zinegilearen bigarren film luze honek, gizakiaren eta espazioen muga izango du hizpide, Kahlil eta Jose Ramon protagonisten arteko harremanean oinarrituta.

Azkenik, uztailaren 26an, Telmo Esnalen Dantza (2018) filmak emango dio amaiera zikloari. Dantza tradizionalaren unibertso hipnotikoa irudikatzen du filmak. 250 dantzari baino gehiagok hartu dute parte tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei gorazarre egiten dion kantu poetiko honetan.

Euskal zine zikloa Palacio Rioja Dekorazio Arteen Museoan egingo da eta sarrera librea izango da. Inaugurazio koktel batek emango dio mostrari hasiera, uztailaren 12an, arratsaldeko 19:00etan. Horrez gain, k jakinarazi du irailaren 10etik 14ra egingo den FICViña nazioarteko zinema jaialdian, euskal zinemak ere presentzia izango duela ere. Izan ere, lanean ari dira jaialdiaren 52.edizioaren programazioan euskal film bat ziurtatzeko.