Zinema aretoetan bigarren asteko jarraipenarekin bat Angel Alonsoren Elkano, Lehen Mundu Bira animazio filmean oinarritutako La Primera Vuelta al Mundo izeneko alegiazko errealitatezko app-a kaleratu du Dibulitoon Studio ekoiztetxeak. Oculus web orriaren on-line dendaren bitartez garatu dute.
La Primera Vuelta al Mundo app-a Oculus Gear VR Samsung betaurrekoetara egokitutako app-a da, eta 3Dn diseinatutako pelikulako hainbat eszenatokietara gerturatuko du erabiltzailea modu birtualean. Aldi berean, aurten 500 urte betetzen dituen epopeia historikoari buruzko datu aipagarrienak jasoko dituela azaldu dute arduradunek, horiek irudiz lagundutako testu laburretan txertatuz. Hiru hizkuntzatan izango da eskuragai: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Alegiazko errealitateko betaurrekoen eta app-aren bitartez, erabiltzaileek bidaia birtuala egin ahal izango dute filmeko agertoki animatuetan barrena: Victoria itsasontziaren barrualdea, kamaroteak eta sotoak, Sevillako XVI. mendeko moilak, Brasilgo herrixka indigena, Cebu uhartea, Mactan herrixka arerioa, Tidorreko jauregia edo Cabo Verde, besteak beste. Gainera, eszenatoki bakoitzean seinalatutako puntuen bitartez, hainbat informazio-fitxa aktibatu ahal izango dira. Fitxetan, esaterako, Victoria itsasontziaren eraikuntzaren ezaugarriak, Magallanes hil zen guduaren datuak edo bidaiaren azken etapan, Cabo Verden, espedizioak bizi izan zituen gabeziak ezagutu ahal izango ditu bidaiari birtualak.
Dibulitoon Studiok ekoitzitako animazio filma joan den uztailaren 5ean estreinatu zen estatu osoko zinema aretoetan Filmax eta Barton FIlms-en bitartez. Publiko familiarrari zuzendutako filma da eta bigarren astez ikusgai egongo da estatu osoko 100 zinema areto komertzialetan.
Filmari dagokionez, 80 minutuko iraupena du, eta Juan Sebastián Elcano marinel getariarrak XVI. mendean munduari eman zion itzulia du hizpide. 240 marinel itsasoratu ziren 1519. urtean, baina hogei baino ez ziren itzuli. Espezia bila abiatu ziren, baina balentria hari esker, garaiko gizarteak munduaz zuen kontzientzia aldatzea lortu zuten.