Aire libreko zinema saioak eskainiko ditu Bilboko Udalak, Udan zinema zure auzoan ekimenaren baitan. Uztailaren 16tik abuztuaren 13a bitarte, film laburrak zein luzeak hartuko dituzten zortzi saio desberdinez gozatzeko aukera izango dute Bizkaiko hiriburuan.

2015an abiatutako programa da Zinema zure auzoan deiturikoa. Kale kultura sustatuz, auzoetako kultur eskaintza indartzea izan da beti haien helburua, eta urtean zeharreko programazioaz ez ezik, udako emanaldi bereziak atontzen dituzte ere. Bada, euskal zinemagileen azken lanak, izenburu klasikoak eta produkzio handiak nahastuko dira datorren hilabetean zehar egingo dituzten saioetan.

Aurrekoetan egin bezala, 21:30ean abiatuko dituzte saio guztiak. Euskal film labur bat ikusteko aukera izango da lehenik, eta film luze bat proiektatuko dute ostean. Hilaren 16ean, asteartean, egingo dute lehena, Eleiz Museoko klaustroan, eta FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren azken edizioan euskal film labur onenare saria irabazitako Diego Kataryniuken Amargo era el postre (2018) laburra eta Brian de Palmak zuzendutako El fantasma del paraíso (1974) film klasikoa izango dira ikusgai.

Horien ostean, ondorengo filmak ikusteko aukera izango dute bertaratuek:

  • Uztailak 18, Garaizar plazan (Txurdinaga auzoa):

Remanecer (Naftalí Vera, 2013) + The Shape of water (Gillermo del Toro, 2018)

  • Uztailak 23, Sabino Arana (Basurtu)

Ane (David P.Sañudo,  2019) + Mi querida Cofradía (Marta Diaz de Lope, 2018)

  • Uztailak 29, Indautxu plazan.

El fin de todas las cosas (Norma Villa, 2019) + Carmen y Lola (Arantxa Echevarría, 2018)

  • Abuztuak 1, Funikular plazan (Castaños)

Ama (Josu Martinez, 2018)  +  Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez, 2018)

  • Abuztuak 6, Ibarrekolanda plaza (Konserbatorioaren ondoan)

Basoan (Aitzol Saratxaga, 2018) + Jurassic World: Fallen Kingdom (J.A. Bayona, 2018)

  • Abuztuak 8, Karmelo plazan (Santutxu)

Moda (Imanol Ortiz, 2018) + Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017)

  • Abuztuak 13, Errekalde plazan.

No me despertéis (Sara Fantova, 2018) + El bar (Alex de la Iglesia, 2018)