Musika, arte eszeniko, ikus entzunezko eta liburugintza sektoreetako profesionalei, 2019. urtean eta euskararen eremu geografikotik kanpo, merkatu, azoka, edo gertaera profesionaletan parte hartzeko dirulaguntzak emateko baldintzak arautu berri ditu Eusko Jaurlaritzak. 90.000 €-ko zuzkidura bideratuko du horretarako.

Euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko eta hedatzeko ardura du Etxepare Euskal Institutuak, eta hori dela eta, musikaren, arte eszenikoen, ikusizko arteen, zinemaren, arkitekturaren eta diseinuaren alorretako euskal sorkuntzak gure mugetatik kanpo zabaltzera joandako sortzaileak laguntzeko programak eskaintzen ditu, baita diru-laguntzak ere, bidaiak eragindako gastuak estaltzeko.

Orotara, 90.000 €-ko diru poltsa bideratuko dute aurten, diziplina guztien artean banatzeko. Kopuruaren erdia, 45.000 €,  jasoko du ikus-entzunezkoen sektoreak; 15.000 € bideratuko dituzte musikarientzat;  15.000 €  arte eszenikoen sektorearentzat; eta  15.000€ jasoko ditu ere liburuaren sektoreak.

Izen-ematea Eusko Jaurlaritzako  egoitza elektronikoaren bidez egin behar da, eta irailaren 6ra arte luzatuko da epea.