Gaurtik aurrera, bere film berria grabatzen arituko da Woody Allen zinemagile estatubatuarra, Donostian. Proiektuaren inguruko xehetasun gutxi batzuk eman zituen atzo, filma ekoitziko duen Mediapro etxeko Jaume Roures ekoizlearekin eta aktore taldearekin batera, Kursaalean egin zuen agerraldian.

Azalpenetan labur izan bazen ere, Zinemaldian girotutako “komedia erromantiko bat” izango dela aurreratu zuen estatu batuarrak. Hiria iritsi berri den bikote gazte bat izango du protagonista, eta Rifkin’s Festival izango da behin behineko izenburua. Azaldu duenez, Zinemaldira etorri zeneko bizipenetan oinarritutako “giza harremanen inguruko istorio pertsonal bat” izango da.

Errodajeari dagokionez, Donostiako hiri osotik grabatuko dutela nabarmendu zuen Allenek, eta baita inguruko herrietan ere. Aurreikusi dutenaren arabera, abuztuaren 20ra arte luzatuko dira errodaje lanak, horrek guztiak dakarren kale mozketa eta aldaketekin. Herritarrei kalte handiegirik suposatuko ez duela argitu zuen orduan Jaume Roures ekoizleak. Zinemagileak azaldu zuenez, ez da etxetik kanpo denbora luze igarotzearen zale, eta horregatik aukeratu du Donostia, hiriko “oroitzapen onak” zituelako.

Zuzendaria eta Mediapro etxeko Roures ekoizlearekin batera, filmean parte hartuko duten Sergi Lopez, Elena Anaya, Wally Shawn eta Gina Gershon protagonistak izan zituzten alboan Kursaal jauregian egindako agerraldian. Lau aktoreen artean, Shawnek baino ez du lehenago Allenekin lan egin, eta gustuz egiten duela azaldu zuen. Ginerako hirurek lehen aldia izango dute zuzendariarekin, eta filmean parte hartzeko proposatu zietenean zalantzarik gabeko baiezkoa kontatu zuten. Hain zuzen, Gershonek “amets bat” dela aitortu zuen, eta Anayak “zoriontsu” sentitzen dela eta “pribilegio bat” dela.

Alaba baten, Dylan Farrow, abusu salaketa jaso ondoren, boikot erantzun handia jasaten ari da zinemagilean AEBtan. Horren inguruan galdetuta, erretiroa hartzeko asmorik ez duela adierazi zuen Allenek, seguru aski “film bat egiten” hilko dela. Lanean zentratuta, argitu zuen inguruan jazotakoak ez diola ezertan eragiten, eta ez zaiola inoiz axola izan bere “emaztearekin, seme-alabekin eta politikariekin” gertatu dena.