Gaurik Laburrena izeneko film laburren emanaldi bereziak egingo dituzte egunotan Getxon, Muxikebarrin (Arrigunagako aretoan). 20 film labur ikusteko aukera izango da, euskaraz zein gaztelaniaz.
Atzoko egunez, uztailaren 8an, abiatu zuten erakustaldia. Besteak beste, hainbat jaialditan aintzatetsiak izan diren Cerdita (Carlota Martinez Pereda, 2018), Ancora Lucciole (Maria Elorza, 2018), La Noche (David M. Mateo, 2019) ete Amargo era el Postre (David Caíña, 2019) filmak proiektatu zituzten. Gaur egingo dute bigarren eta azken saioa, iluntzeko 21:00etan Muxikebarrin.
Bada, jaialdietan nabarmendutako bi lan daude gaur ikusgai izango diren artean ere: Iban eta Antonio del Campo anaiek eta Aitziber Aranburuzabalak zuzendutako Espedizio Handia (2018), gizakiak berez dena baino gehiago eta izarren hautsa baino zerbait gehiago izan nahi duenaz ari dena; eta Aitzol Saratxagaren Basoan (2018), baso erdian esnatu eta nor den eta non dagoenik ere ez dakien gizon baten beldurrezko laburra. Biharkoa atzo (Asier Rivera, 2018), Buñuelen belarra (Sonia Flores), Shell Phone (Miren Mujika, 2018), Ama (Josu Martinez, 2018), Hotzean garbitu (Maddi Barrenetxea, 2018), Zain (Pello Gutierrez, 2018), Astelehena (Jon Urraza, 2018) eta Nor, nori, nork (Estibaliz Urresola, 2018) izango dira gainerakoak.