EZAEk, Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak, urrian abiatutako ‘Bidaiariak zinera!’ kanpainari esker, prezio murrizketaz gozatu ahalko dute bazkide diren zinema aretoetan Elkano, lehen mundu bira filma ikusten dutenek.

Zinema Aretoen elkarteak Zineuskadirekin sinatutako elkarlanari, eta Eusko Jaurlaritzak emandako babesari esker, 62 zinema-aretok hartu dute parte deialdian. 2018ko azken hiruhilekoan  abiatu eta 2019ko lehen seihilekoan gauzatzekoa zen ekimena. Zazpi izan behar ziren estreinatuko diren euskal ekoizpenak, eta bi euroko deskontua izango zuen bakoitzak. Bada, egitasmoaren hirugarren edizioaren arrera eta bilakaera ona dela eta, aurreikusitakoetatik at, izenburu berriak gehitu dituzte ekimenera.

Elkano, lehen mundu bira filmari dagokionez, 80 minutuko iraupena du, eta Juan Sebastián Elcano marinel getariarrak XVI. mendean munduari eman zion itzulia izango du hizpide. 240 marinel itsasoratu ziren 1519. urtean, baina hogei baino ez ziren itzuli. Espezia bila abiatu ziren, baina balentria hari esker, garaiko gizarteak munduaz zuen kontzientzia aldatzea lortu zuten.

2019an 500 urte beteko dira bidaia hura abiatu zutenetik, eta Dibulitoon ekoizpen etxe gipuzkoarrak urteurrena baliatu du gertaera hari buruzko animaziozko filma osatzeko. Ezagutzen diren gertakari historiakoetatik abiatu da Angel Alonso zuzendaria, eta animazio film “zirraragarria” sortu duela iragarri du, “ikusle gazteen begientzat sortua, baina familian disfrutatzekoa.

Murrizketak hamahiru aretoetan

Bada, elkarteari atxikitutako EAEko hamahiru zinema aretoetan aplikatuko dute bi euroko prezio murrizketa: Donostiako Principen, Trueban eta Antiguo Berrin; Bilboko Golem Alhondigan eta Multicinesen; Andoaingo Basteron; Getxoko Zinemetan; Durangoko Zugaza aretoan; Errenteriako Niessen aretoan; Oñatiko Zineman; Eibarko Koliseo Antzokian; Beasaingo Usurbe Aretoan eta Zumarragako Zelai Arizti aretoan.