Zinemaren historiaren errepaso iraunkorra egingo duten 13 film klasiko zaharberrituta ikusteko aukera izango da Donostiako Tabakalerako zinema aretoan. Uztailaren 6tik, abuztuaren 30era bitarte egingo dituzte saioak.

20. hamarkadako harribitxietatik hasi eta 80. hamarkadara arte, zinemaren historian mugarri izan diren filmen berrikusketa proposatu du Tabakalerak atondu duen zikloak. Hala, berriki nazioarteko zinema jaialdietan berrestreinatutako eta zaharberritutako kopiak lokalizatu, eta horiek baliatuko dituzte datozen asteetako emanaldiak elikatzeko.

Ekimen honek, Tabakalerako zinema-kide diren eragileen helburua partekatzen du, bertaratzen diren ikusleei zinemaren “balizko historia guztiak berridazteko” aukera eskaintzearena, hain zuzen. Hala, eragileokin elkarlanean sortutako tartea izango da, eta, halaber, EQZEren ikasturte berriaren hitzaurrea. Izan ere, Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera, nazioarteko adituen eta eragileen eskutik  ere klaseak eta  lantegiak egin dituzte lehen ikasturtean zehar: lehen belaunaldiko nitrato-kopiak, negatibo originalaren eskaneatuak, edota birmasterizazioa, besteak beste.

Uztailaren 6an egingo dute lehen saioa: Robert Reinert austriarraren Opium (1919). Zentsura garaitik at errodatutako filma da, eta intrigaren erotikotasunean, argumentu exotiko batekin jolasean ikusi ahalko dugu zuzendaria.

Ikusi hemen egitarauaren xehetasun guztiak.