Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen menpeko eLiburutegia egitasmoaren lehen sehilekoaren erabilera datuak eman dituzte argitara. Zinema alorrari dagokionez, Asier Altunaren Amama eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak izan dira gehien mailegatutako filmak.

eLiburutegia plataforma bat da, sararen bitartez bidez eduki digitalen mailegua errazten duena. Irakurketa hori streaming bidez, ordenagailuaren bitartez edo gailu mugikorrak direla medio burutu daiteke. Eusko Jaurlaritzak atondutako zerbitzu horretara sartzeko beharrezkoa da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen bazkide izatea, eta  www.eliburutegia.euskadi.eus helbidea eta beste zerbitzuetara sartzeko erabiltzen diren datu berdinak (bazkide zenbakia eta pasahitza) sartu beharko dira.

Lehen sehilekoan erregistratutako erabilerari dagokionez, Euskadiko liburutegi digitalak 30.206 lan mailegatu ditu (iaz epe horretan baino 3.955 gehiago), eta 3.162 erabiltzaile berri irabazi ditu, guztira, 32.899 erabiltzaile izatera helduz. Datu horiei esker, eLiburutegia atariak —Estatuko liburutegi digital garrantzitsuena— hazten eta erabiltzaile berriak erakartzen jarraitzen duela berretsi dute arduradunek.

Filmen mailegua

Iazko uztailean eLiburutegia filmak mailegatzen hasi zen. Orduz geroztik gehien eskatutako filmen artean Asier Altunak zuzendutako Amama eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak daude. Horien atzetik agertzen dira Max Lang-en eta Jakob Schuh-en El Grúfalo animazioko filma, eta Alberto Rodriguezen eta Nacho la Casaren Ozzy lanaren euskarazko bertsioa.

Gehien mailegatutako 5 filmak eLiburutegian:

  • Amama – Asier Altuna.
  • Loreak – Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga.
  • Grufaloa – Max Lang eta Jakob Schuh.
  • Ozzy – Alberto Rodriguez eta Nacho la Casa.
  • Verano en Broklyn – Ira Sachs.

Orotara, 15.000 film (aste honetan bertan 800 igo dira) eta 600 audioliburu (Daisy formatukoak) inguru ditu liburutegi digital honek, eta baita 17.020 liburu ere (titulu ezberdinak).  eLiburutegia proiektua 2014ko azaroan sortu zen, egilearen eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak mailegu bakoitzeko kopuru bat ordaintzen du, erabiltzaileei kultur eduki digitalak doan eskuratzeko aukera emanez. Filmen kasuan, eFILM-ekin lortutako akordioari esker, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak mailegu bakoitzeko, batez beste, 50 zentimo ordaintzen dizkio filmaren lagatzaileari.