67. Sebastiane Latino saria emango du GEHITU – Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteak 67. Donostia Zinemaldian, eta antolatzaileek saria eskuratzeko lehian ariko diren sei finalisten berri eman dute. Mexiko, Argentina, Txile, Kolonbia eta Guatemalako lanak dira.

Sebastiane Latino sariaren helburua, LGBT aldarrien eta balioen isla ondoen jasotzen duen filma saritzea ez ezik, Latinoamerikako ekoizpena bultzatzea ere bada. Hala, iaz aurkeztutako sei film latinoamerikar lehiatuko dira aurtengoan Donostiako Zinemaldiko egitarauaren baitan, GEHITU elkarteak banatuko duen saria eskuratzeko: Lemebel (Joanna Reposi Garibaldi)Segunda estrella a la derecha (Ruth Caudeli), One Taxi Ride (Mak CK), Un rubio (Marco Berger), Temblores (Jayro Bustamante) eta Esto no es Berlín (Hari Sama).

GEHITUko kideek adierazi dutenez, aukeratutako lan guztiek gertaera jakin batzuen salaketa egiten dute: “Indarkeria isilduak: norberak norberaren nahiari jarritakoa, sasizientziekin sendatu nahi duen erlijiosoa, gizonezko gayen aurkako salatu gabeko bortxaketak edo ikusezintasun bisexuala eta batzuetan lesbikoa». Hautagaietako batzuek, gainera, 1980ko hamarkadako kontrakultura mexikarreko LGTBI harrotasunaren rola edota Lemebel pentsalari eta artista txiletarra ere gogorarazten dute.

  • LEMEBELJoanna Reposi Garibaldi (Txile, Kolonbia)

Pedro Lemebel (1952-2015) ikus-entzunezkoaren artista, idazle eta Latinoamerikako queer mugimenduaren aitzindari txiletarrari buruzko dokumentala. Filmak haren ibilbidearen une garrantzitsuak azaltzen ditu haren bizitza pribatuaren bideoak eta argazkiak zein performance enblematikoenen irudiak erabiliz.

  • SEGUNDA ESTRELLA A LA DERECHA – Ruth Caudeli (Kolonbia)

Emilia hogei urteko aktore bisexualak ohiko lagunekin hazteari uko egingo dio, bere ingurune sozialeko mundu perfektuan egokitzen saiatzen den bitartean. Antzezpen-eskolak emanatea du bizibidea, eta erosoago sentitzen da ikasleekin bere adineko jendearekin baino. Ezkondu aurreko agur batean, bizitzarekin zoritxarreko sentitzen den bakarra ez dela ikusiko du, eta guztiok ezkutatzen dugula benetan zer garen. 

  • ONE TAXI RIDE – Mak CK (Mexiko, Singapur)

Ericken bizitza betiko aldatu zen taxi batera igo eta gidariak eta bi konplizek bortxatu zutenean. 17 urte zituen eta ez zuen salatu, ez zen medikuarenera joan, eta ez zien senideei eta lagunei jakinarazi. Dokumental honek hamarkada bat geroago gazte horrek bere bizitza erreklamatzeko hasiko duen bidaiaren berri ematen du.

  • UN RUBIO – Marco Berger (Argentina)

Gabriel Juan izeneko gazte gonazalearekin hasiko da etxea partekatzen, Buenos Airesko aldirietan. Lotsatia eta isila, etxekidearen begiradei eta esku-ukituei ez ikusiarena egiten saiatuko da ‘Gabo’, etxekidearen gizontasuna, itxuraz, zalantzaezina baita. Elkarrenganako erakarmena ukaezina da, ordea.

  • TEMBLORES – Jayro Bustamante (Guatemala, Frantzia, Luxenburgo)

Pablo gizon erlijioso praktikatzaile, senar eta aita zoragarria da. Eredugarria da Guatemalako gizarte kontserbadorean. Bat-batean, baina, dardara baten modura, egiazko maitasuna iritsiko da haren bizitzara. Familiari eta elizari esker uko egin ahal izango dio sentipen horri; irtenbide bakarra da seme-alabak galdu nahi ez baditu.

  • ESTO NO ES BERLÍN – Hari Sama (Mexiko)

Mexiko Hiria, 1986. Carlosek, 17 urteko gazteak bere tokia aurkitzen ez duela sentitzen du. Musika baino ez zaio gustatzen, eta Rita gogoko du, Gera adiskide onenaren arreba. Haren bizitzaren norabidea aldatuko da klub batera doanean; gaua, askatasun sexuala eta drogak ezagutuko ditu, baina bi gazteen arteko adiskidetasuna estualdian ere jarriko du toki horrek.