Kalitatezko aurkezpenak egitea helburu, pitching saioak optimizatzeko baliabideak ezagutaraziko dituzte Marian Sánchez Carniglia storyteller-ak 2deo laborategian emango duen ikastaroan. Gaur, uztailak 4, egingo dute saioa, 16:00etan.

“Geroz eta lehia gogorragoa dago ikus-entzunezkoen merkatuan, proiektuak bideratu edota saltzerako orduan zaila izaten da horiek finantziatuko dituzten bezeroak aurkitzea. Ideia onak edukitzearekin ez da nahikoa”, adierazi dute 2deo Euskarazko Ikus-entzunezko Laborategiko kordinatzaileek, “Egun, ideia horiek plazaratzeko modua ere garrantzitsua bilakatu da, edukia egoki egituratzeaz gain, azalpenaren kalitatea ere giltza da bezeroen bilaketan: ideiak zirraraz, zuzen eta garbi egituratzea ezinbestekoa da merkatuaren dinamikan murgildu ahal izateko”.

Urte batzuk dira pitching aurkezpen formatua erremintarik eraginkorrena bilakatu dela ideiak edota proiektuak azaltzerako orduan, eta horien erabilera optimoenean sakontzea izango da 2deok atondu duen ikastaroaren helburua: kalitatezko aurkezpenak egiteko gakoak ezagutaraztea, alegia. Hala, bertaratutako profesionalek beren aurkezpenak hobetzeko oinarrizko baliabideen berri jasoko dute: bidelagunak aurkitzeko, finantzazioa lortzeko edota ideia horiek garapen fasera eraman ahal izateko.

Zuzendariak, gidoilariak, komunikatzaileak eta ikus-entzunezko kudeatzaileak, edota, oro har, artearen, publizitatearen eta marketinaren esparruan dabiltzan sortzaileak galdegin dituzte parte hartzera. Finea, bere proiektuaren aurkezpena hobetzeko beharra ikusten duen sortzaile oro. Marian Sánchez Carniglia storyteller-a, ikus-entzunezko ekoizlea eta nazioartean coach lanak egiten dabilena, izango da saioa gidatzeaz arduratuko dena.

Bada, gaur bertan, uztailaren 4an, egingo dute saioa, Tabakalerako lehenego soilairuan 2deo – Euskarazko Ikus-Entzunezkoen Laborategiak zabaldu berri duen egoitzan. 16:00tan hasiko da masterclassa, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, onlineko inprimaki bat atondu dute antolatzaileek.