Animadeba 2019 Nazioarteko Animazio Zinemaldiko aurreneko edizioan Sail Ofizialean lehiatu diren 10 film laburrekin bilduma berria osatu du Filmazpit programak. Interesa duen ororen eskura,  katalogoan izango da aurrerantzean, nork bere etxean ikusi edota emanaldi publiko batean programatzeko.

Eusko Jaurlaritzak finantzatutako, eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin Donostia Kulturak kudeatutako programa da Filmazpit. Nazioartean arrakasta erdietsi duten lanak euskaraz eskaintzea du helburu, eta horretarako, euskaraz azpidatziak sortu eta interesa duen edonoren eskura jartzen ditu, tokian tokiko kulturgune, elkarte eta abarretan programatu ahal izateko. Baita etxean bertan azpidatziak deskargatu ahal izateko ere! Haur eta gazteentzako filmak, jaialdi tematikoetan eskainitako laburren bildumak, gai sozialak lantzen dituztenak, zein giza eskubideen urraketak salatzen dituzten ikus-entzunezkoak topa daitezke bertan, dozenaka.

Animadeba, aldiz, Euskal Herriko animazio ekitaldi urtetsuena da. Hamarkada luzeko ibilbide arrakastatsuaren ostean, mostra izateari utzi eta nazioarteko jaialdi bihurtu da aurten. Debako herrian ospatu dute jaialdia, eta Sail Ofizialean lehiatu diren zazpi herrialdeetako film laburrekin osatu dute Filmazpit bilduma.

Hainbat animazio teknika aurkitu daitezke kolore nahiz zuri-beltzean eginak dauden lanetan: rotoskopia, cel gainean marrazketa, 2D, kristal gainak pinturaz margotzea, stop motion edo/eta plastilinazko animazioa. Originaltasuna nagusi da gai ezberdinak jorratzen dituen bilduma eklektiko honetan, eta publiko osoari zuzenduta dago. Film labur hauek guztiak hainbat herrialdeetako zinema jaialdietan proiektatu eta saritu ostean heldu dira Filmazpit katalogora, ohi bezala, kosturik gabe emanaldi publikoak antolatu nahu dituen ororen eskura.

Haudek dira, bada, bilduman topatuko daitezkeen izenburuak:

  • LAUREN GREENFIELD: HOW CAPITALISM EXPLOITS INSECURITIES (Lena Greene, 2019. AEB)

Generation Wealth dokumentalaren zuzendaria “kapitalismoaren kostu eta degradazio nagusienaz” mintzo da oraingoan; emakume eta neskatoek jasaten eragiten duten kalteaz.

  • A BUS (Wen Yu Li, 2018. Txina)|

Autobusa A hiritik B hirira.

  • CÓMO Y POR QUÉ SE HA ESFUMADO DON JOSÉ (Moshe Ben-Avraham, 2018. Israel)

Jose jaunak bere edarira erori den erlea lagunduko du, ito ez dadin. Bat-batean, ahate batek erlea irentsiko du, eta Jose haren atzetik abiatzen da bidaia surrealista batean.

  • NEW YORK AFTER RAIN (Haisi H, 2018. AEB)

Filmak hil aurreko unea esploratzen du—pertsonaiaren malenkonia, beldurra eta hozmintzea.

  • LE MANS 1955 (Quentin Baillieux, 2018. Frantzia)

Le Mans-eko 24 Orduak, 1955ean. 300.000 ikusle daude alboetatik begira. Mercedes auto bateko gidariak auto istripua izango  du 80 hildakotik gora eraginez. Halere, lasterketa aurrera egingo du.

  • THE BIRD & THE WHALE (Carol Freeman, 2018. Irlanda)

Bale gazte bat familiagandik aldenduko da Naufragio bat aztertzera joanagatik. Bizirautea lortu duen den txoritxo kantari bat topatuko du kaiola batean, eta adiskidetzat hartuko du.

  • FLUT (Malte Stein, 2018. Alemania)

Aintzira zikin batek gainezka egingo du alboko herrian uholdea eraginez. Kanpoan mundua modu baketsuan hondoratzen den bitartean, barruan apokalipsi etxetiar bat hedatuko da.

  • SOY UNA TUMBA (Khris Cembe, 2018. Espainia)

Ohi bezala, mutiko batek bere aitak kontrabandoko tabakoa nola deskargatzen duen ikusten du gauaren erdian. Gaur gauekoa, ordea, ez da tabakoa.

  • 32-RBIT (Víctor Orozco Ramírez, 2018.  Alemania)

Nire amona ziur zen bi alditan oker bera egiten duen animalia bakarra gizakia dela. Neure Internet-az film labur saiakera, oroimenaren galtzeak, akatsak, zaintzak eta mendetasunak dena eta denak lokazten dituen mundu paralelo bat.

  • MUEDRA  (César Díaz Meléndez, 2019. Espainia)

Bizitza edozein tokitan sortu daiteke, naturak modu arraroan jokatzen du eta egunek minutuak iraun ditzakete. Toki honetan ezertxo ere ez da ematen duena.