Denis Itxaso Kultura Diputatuak eta Carlos Mugiro zuzendariak aurkeztu dute Elias Querejeta Zine Eskolaren 2019-2020 ikasturtea. Hautatu dituzte hiru espezialitateetarako plazak beteko dituzten 45 ikasleak, eta irailaren 16an ekingo diote plangintza akademikoari.

“Eskaintza akademikoz betetako gurea bezalako gizarte batean, eta Donostia moduko hiri txiki batean, ez zen erraza izan EQZEren tankerako proiektu batentzako tokia bilatzea. Gure eskolaren kolaboratzaile diren erakundeen babesari esker izan da espazio paregabe, profesional eta apartekoa sortu dugula”. Atzera begira, 2018-2019 ikasturteak emandakoaren memoria egiten, aurkeztu du Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura Diputatu Nagusiak EQZEren promozio berria. Iragan maiatzaren 31an itxi zuten deialdia eta, orotara,  122 izan ziren izena eman zuten hautagaiak. Carlos Mugiro eskolako zuzendariarekin batera iragarri ditu politikariak hautespen prozesuaren emaitzak.

Deialdiak iraun duen bi onarpen-aldietan jasotako dokumentazioa baloratu eta elkarrizketak egin ondoren, Zuzendaritza Akademikoko kideek (Tabakalerako, Euskadiko Filmategiko, Donostiako Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariek osatua) adostasunez erabaki dute eskolak eskaintzen dituen 45 plazak betetzea. Hala, kasle berrien artean, 33 emakume eta 12 gizon egongo dira: 6 EAEkoak (4 Gipuzkoakoak eta 2 arabarrak), 10 Espainiar Estatukoak eta 29 atzerrikoak. Haien profilari dagokionez, aldiz, profil profesionalekoak dira gehienak: festibaletan estreinatu eta saritu dituzten edo galerietan ikusgai egon diren obrak (laburrak eta luzeak) egin dituzten zinemagileak, beste zinema eta arte eskoletan ikasi duten ikasleak, gaiarekin lotura duten gradu ikasketak dituztenak, zinemagintzako ekoizpenean eta banaketan espezializatuak, zinema festibal, ziklo, programa edo erakusketak eta arte instalazioak ekoizten, kudeatzen eta programatzen esperientzia duten komisarioak; ikertzaileak, argazkigintza eta diseinuaren munduko profesionalak…

“Eskola ikasleek egiten dute. Haien sorkuntza eta lanak eraikitzen ditu gure hormak”, adierazi du Mugiro zuzendariak, “Hargatik, ikaslegaien profilak aztertzerakoan, arreta berezia eskaintzen diogu aurretiako esperientzia eta ibilbideari”. Esan eta egin: emakumeen kopuru nabarmena, eta ikasleen kutsu internazionala eta profesionala izango dira 2019-2020 ikasturteko ezaugarri nagusiak.

2019-2020 ikasturtea

EQZEk irailaren 16an irekiko dizkio ateak bigarren promozioari, ikasleei ongietorria eta harrera eginez. Lau egun geroago, Donostia Zinemaldiko 67. edizioa hasiko da, eta ikasleek agenda konkretu bat izango dute proiekzioetara, klase magistraletara, Zine Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joan ahal izateko. Horrez gain, festibala barnetik ezagutzeko aukera izango dute ere.

Zinemaldia amaitzean hasiko dira eskolak. Bigarren jaialdian aritu eta gero, beren proiektu propioak garatzeko tartea izango duten lehen promozioko ikasleekin partekatuko dituzte lehen hilabeteak, eta abendutik aurrera bakarrik arituko dira 56 asteko iraupena izango duen irakaskuntza bidaian. Zirkulua hurrengo Zinemaldiarekin itxiko da.

Ikasketen graduari dagokionez, 3.900 €-ko kostua izango du aurten. Urte hasieran EHU-rekin sinatutako akordioaren balio akademiko erantsiari egotzi dio Itsasok prezioaren igoera. Izan ere, aurrerantzean Unibertsitateko ikastegietan ematen direnen balio akademiko berbera izango dute EQZEko ikasketek ere, eta kasuan kasuko ondorio profesional berdina. Titulu horiek unibertsitatearen berezko ikastegien eskaintza guztiekin batera zabalduko ditu EHUk, eta errektoreak emango ditu titulu eta diplomak.

Halaber, gogorarazi du 3 beka banatuko dituela GFAk Gipuzkoar jatorriko ikasleen artean: “Tokiko talentuaren trebakuntza sustatu nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da programaren irisgarritasuna bermatzea”.