Hizkuntza unibertsala den heinean, hamaika dira zinemak bide konbentzionaletik at izan ditzakeen balio eta ezarpenak. Bada, ikus-entzunezkoaren arteak eskaintzen duen aukera hezitzailearen aldarrikapena da ZINEMA (H)ABIAN proiektua. Irudiak eta soinuak bat eginez, ikasleek bizitza ulertu eta beroni aurre egiteko metodologia berriak badirela azalduko digun irakaspena.

2005ean du jatorria, Cinema en Curs ekimenean, zinemaren balioak eta hezkuntzaren alorrean dituen ezarpenak agerian uzteko helburua duen programan, hain zuzen. Eskola eta institutuetako haur eta gazteei arte adierazpide honekin duten harremana lantzeko (eta bide batez, aldatzeko) aukera eskaintzen die, eta horretarako, zinemagile bat izaten dute lagun ikasturte oso batez. Hala, beste zinema bat ezagutzen dute, film baten sorkuntza prozesuan parte hartzen dute eta zinemagileak bailiran pentsatzen ikasten dute.

Elias Querejeta Zine Eskolaren eta Tabakaleraren eskutik heldu zen programa iaz Euskal Herrira, eta ordutik Lasarte-Oriako Oriarte ikastetxeko gazteek zein Donostiako Peñaflorida institutuko ikasleek hartu dute parte. Mikel Gurrea zinemagile donostiarra bi urtez aritu da gidari lanetan, eta Maider Oleaga bilbotarra aurten batu da ekimenera. Oso pozik azaldu dira biak egindako lanarekin, eta zinema bidezko pedagogia aldarrikatu dute, norberaren izaera eraikitzen laguntzeko tresna gisa.

Iragan ekainaren 17an 2018-2019 ikasturtean landutako ikus-entzunezkoak erakutsi zituzten Tabakalerako zinema aretoan Oriarteko ikasleek zein Kataluniatik etorritako hiru ikasle taldek, eta lanen inguruan eztabaidatzeko, gehiago jakiteko eta nola ez, burututako proiektuen kalitateaz gozatzeko parada izan zuten.

Gu ere han izan ginen, eta bideo honetan laburtu ditugu ikusi eta entzundakoak.