Bukatu dute Pablo Agüero argentinarraren Akelarre filmaren errodajea. Ekoiztetxeak igorritako prentsa ohar baten arabera, Zarautz izan da azken hartualdiak jaso dituen lokalizazioa. Muntaiaren fasera igaroko dira orain, 2020ko estreinaldia jomuga.
1.609 urtera bidaiatuko du filmak, sorgin ehizak indarra hartu zuten garaira hain zuzen, eta eskualde txiki bateko biztanleengan jarriko du fokua. Zonaldeko gizonak itsasoz bestaldera irten dira beharrean, eta inguruan geratutako emazte, alaba eta ahizpak basoan bilduko dira ospakizun handi baterako.
Rostegi epailea da Erregeak eskualdea garbitu eta kontrolpean edukitzeko izendaturiko pertsona, eta jaialdian parte hartu duten hainbat emakume atxilotuko dituzte haren aginduz. Amaia protagonista izango da horietariko bat. Bere handinahietarako giltza izango delaren konbentzimenduz, Rostegik amaieraraino eutsiko dio jazarpenari, eta hasiera batean erresistentzia ezkutu izango duen Amaiak ere men egingo die haren nahi ilunei. Uste baino baino mederakaitz eta zuhurragoak dira, ordea, gaztearen asmoak.
Bizkaiko kostaldeko Laga hondartzan abiatu zuten maiatzaren 6an errodajea, eta betean asmatu dute ekainaren 22ra bitartean luzatuko zirelaren aurreikuspena. EAEko hainbat txokotan aritu dira, Gipuzkoako kostaldean hasieran, eta Nafarroa (Urbasa eta Lesaka) eta Iparraldean (Sara) gerora. Zazpi asteren ondoren, iragan asteburuan hartu dituzte azken irudiak Zarautzen.
Pierre Lancre legelari frantsesaren Tratado de brujería vasca: descripción de la inconstancia de los malos ángeles y demoniosliburuan oinarritu da Agüero bere bosgarren filma izango denaren sorrerarako, eta talde artistiko gazte batek hezurtu du pantaila handirako kontakizuna. Amaia Aberasturi eta Álex Brendemühl izango dira aktore nagusiak, Amaia eta epaile protagonisten azalean jarriko diren profesionalak, eta beste bost aktore gazteren laguntza izango dute, urte bete iraun duen kasting luze baten bidez hautatu dituztenak: Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra eta Yune Nogueiras. Daniel Fanegok, Asier Oruesagastik, Iñigo de la Iglesiak, Elena Urizek eta Daniel Chamorrok osatuko dute taldea.
Arlo teknikoari dagokionez, ibilbide luze eta arrakastatsuko profesionalak arituko dira lanean: Javi Agirre izango da argazki zuzendaria; Mikel Serrano arte zuzendaria; Maite Arroitajauregi ‘Mursego’-ren esku egongo da musika; eta Koldo Zuazua (Kowalski Films) eta Iker Ganuza (Lamia Producciones) izango dira ekoizlea.
Zabaldutako oharrak jasotakoaren arabera, “oso pozik” agertu da zuzendaria emaitzarekin, aurreikusitako erritmoan bete baitituzte filmatzearen erritmoak. Muntaia fasera igaroko dira orain, estreinaldia 2020 lehen erdikaldean egitearen helburuarekin.