Azaroaren 20, 21 eta 22an ospatuko da 948 merkatuaren 2019ko edizioa. Denborarekin zabaldu dituzte, ordea, jarduera zein hizketaldietarako deialdiak.
948 Merkatua PRO (hitzaldiak, lantegiak, networking erako topaketak, bilera profesionalak…) sormen- eta kultura-industrietako profesionalen arteko topaketarako plataforma da. Merkatu bat, finean, trukaketarako, elkarlanerako eta sormen- zein arte-proiektuen garapen komertzialerako toki bat, baita prestakuntza bultzatzeko ere. Joera gorakorrez, Nafarroako eta inguruko sormen- eta kultura-sektoreentzako erreferentziako plataforma bilakatu da azken urteetan.
Programazioak diziplina anitzeko jarduerak eskaintzen dizkie akreditatutako profesionalei. Arte plastiko zein bisualak, arte eszenikoak, edizioa, musikak, zinema eta telebista, diseinua eta beste sormen- eta kultura-industria batzuk. Guztien arteko sinergia, aurrerapen eta sendotze profesional zein ekonomikoak eragitea du helburu garbia.
2019an ere diziplinarteko sorkuntza eta edukien aldeko apostua egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek, eta baliabideak indartuko dituzte espazio hirueleduna (euskara, gaztelania eta frantsesa) izan dadin. Hizlarien profil profesionala aintzat hartuta osatuko dute 2019ko programa, proiektuak aurkezteko formatuaren eguneratzea izango da edizioaren beste berrikuntzetako bat. Azaroaren 20, 21 eta 22an izango da hitzordu profesionala, Iruñean, Baluarte – Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditorioan.
Sakatu hemen izen-ematea gauzatzeko.
Info. gehiagorako, ikusi 948 Merkatuaren atari digitaleko oinarriak.