Zuzendaria: Su Friedrich
Urtea: 2012
Herrialdea: AEB

“Artistak hemen bizi ohi ziren”

Gut Renovation izan zen aurreko ostiralean Tabakalerako HASIERATIK. ZINEMA FEMINISTAREN HISTORIAK fokuari amaiera eman zion filma. Su Friedrichek, Ameriketako Estatu Batuetako zinemagile esperimental ezagunak, aldaketa txikien inguruko film bat eskaini digu oraingo honetan. Bizipen pertsonala da, bere garai bateko auzoak, Williamsburg-ek, jasandako aldaketak deskribatzen dituena eta New York hiriaren erretratu historikoa bilakatzen dena finean.

80ko hamarkadan artista asko Williamsburgera joan ziren bizitzera, Brooklyneko langile-auzune historikora. Friedrich eta bere bikotekidea hauen artean. Burdin fabrika izandakoaren loft zahar bat errentan hartu eta -zaharberritu ondoren- euren etxebizitza nahiz lantegi bihurtu zuten, bizileku-baimena ez zuten arren. Ustekabekoa 2005ean iritsi zitzaien, ordea, Udalak auzoa -gune industriala zena- erresidentziala izendatu zuenean, eta gainera, enpresa erakitzaileei onura fiskalak eskaini zizkien. Lantegi, artisau eta sortzaileen loften prezioek neurrigabe gora egiten zuten orduan, espekulatzaileen mesedetan. Eta, hala, bertako bizilagunentzat eskuraezinak bilakatu ziren.

Amorruak eta etsipenak bultzatuta, Suk bost urte eman zituen East River eta Brooklyn-Queens Expressway arteko aldaketak dokumentatzen: bere kamera zaharra bizkarrean hartu eta eraikin industrialak nola behera egiten zuten eta, aldi berean, nola aberatsek luxuzko apartamentuak erosten zituzten erretratatu zuen.

Espekulazioren kritika zorrotza izateaz gain, begirada ironikoa ere badakarkigu aldarrikapenez osatutako film honek. Lehen pertsonan kontatutako bizipena da, jarrera aktibo bezain  inkorformista batekin. Izan ere, film luzea umorez zipriztinduta dago: bai Friedrichen gogoetak, baita soinu bandako abestien letrak ere.

Planoen abiadura bizkorrak erabat nabarmentzen du Friedrichek hainbeste maite zuen eta desagertzear zegoen errealitatea grabatzeko zuen larritasuna. Pertsonala politikoa denez, muntaiaren bidez hiri-lurraren gentrifikazioaren salaketa bideratzen du, eta aldi berean, bere inguruak -Brooklyneko zati honek hain zuzen- jasaten duen eraldaketari begirada zorrotza botatzen dio. Bere ikuspuntua urrun da egun turismo-bulegoak ematen duten ikuspuntutik, non auzo honek oraindik ere klase altuko gazte eta artista anitz erakartzen dituen.

Gut Renovation erresistentzia-filma da eta horixe da HASIERATIK. ZINEMA FEMINISTAREN HISTORIAK fokuan parte hartu duten beste zuzendari gehienekin (Cheryl Dunye, Věra Chytilová, Marleen Gorris eta Alice Guy besteak beste) partekatzen duena: zinema eta umorea aktibismorako tresna bezala erabiltzen dituzte. Denboraldiaren amaieraren ondoren, Tabakalerako urriko programazioaz arduratzen den talde irekiak foku honi jarraipena emateko aukeratuko dituen pelikulak zein diren jakiteko gogoz nago.