Nazioarteko dokumentalik onenaren saria jaso du Iratxe Fresneda zuzendari arrigorriagarraren Lurralde Hotzak dokumentalak, Portoko Nazioarteko Zinema Jaialdian. Poz handiz iragarri du zuzendariak berak sare sozialetan.

Lurralde Hotzak filma, bestetik, bidaia geografikoaz harago, irudien bidez eraikitako bidaia da: emakume baten mamu eta barrenetatik abiatzen den bidaia pertsonala, begiratzeko modu bat. Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian barrena, hots, lurralde hotzetan, lehenago Theo Angelopoulos, Bego Vicario, Ruth Hillarp edo Win Wenders zinemagileen istorioetan ezagutuko ditugun paisaietara itzuliko da zuzendaria, bere lorratzak poema bilakatuz.

Iratxe Fresneda arrigorriagarraren lehen film dokumentala da, eta zortzi hilabetez bakardadean filmatua izan dela du ezaugarri handiena. 2017ko udan hasi, eta 2018ko negua bitarte, filmak jendartean, hirietan eta paisaietan galdu den begirada bilatu du zuzendariak, besteak beste, Aragoi, Euskal Herria, Alemania, Danimarka, Suedia eta Islandian barrena bidaiatuz.

Azaroan Gijongo Nazioarteko Zinema Jaialdian parte hartu zuen Fresnedak Lurralde Hotzak dokumentalarekin, eta orduan hasi zuen bidea filmak. Hilabete batzuk beranduago heldu zen estreinaldia, 2019ko apirilean hain zuzen: Euskal Herriko hiriburuetan aurkeztu zuen lehenik, eta Nantesen, Rigan, Bartzelonan eta Granadan ere izan da.